Síguenos en redes sociales:

Energia trantsiziorako urrats sendoak ematen ari dira Debagoienean

Lau energia-komunitate daude gaur egun eskualdean eta urte bukaerarako herritar gehienek izango dute energia-komunitate baten parte hartzeko aukera

Energia trantsiziorako urrats sendoak ematen ari dira DebagoieneanN.G.

Klima larrialdiak eta haren eraginek erronka global eta konplexua jarri digute aurrez-aurre. Planetaren bataz besteko tenperaturak 1,5 graduko langa gainditu du dagoeneko eta muturreko fenomeno meterologikoak geroz eta ugariagak dira, erakunde, enpresa eta norbanakoen agendatan, egoerari tamainako erantzunak emateko premia presazkoa bilakatu delarik. 

Klima larrialdiaren eragile nagusienetarikoak CO2 isurketak dira eta horren atzean energia eredua da lehentasunez eraldatu beharrekoa. Fosiletan oinarritutako energia eredu batetik berriztagarrietara trantsizioa egitea da bidea. Eta trantsizio horretan, beharrezko da tokian tokiko eraldaketak bultzatzea. 

XXI. mendeko erronka globalei erantzun komunitario propioa emango dien eraldaketa mugimendu bat sustatzeko sortu zen Debagoiena 2030 eta sorreratik, trantsizio energetikoa haren jardunaren erdigunean egon da

Debagoienak badaramatza zenbait urte energia trantsizioaren erronka globalari aurre egiteko formulak bilatu nahian. Etxebizitzen birgaitzetik hasi, energia kontsumoaren murrizketarekin lotutako proiektuetatik igaro eta energia berriztagarrien ingurukoetaraino, Debagoiena 2030 lankidetza sareak trantsizio ekosoziala sustatzeko hainbat proiektu burutu eta sustatu ditu 2019an sortu zenetik. 

Hain justu ere, XXI. mendeko erronka globalei erantzun komunitario propioa emango dien eraldaketa mugimendu bat sustatzeko sortu zen Debagoiena 2030 eta sorreratik, trantsizio energetikoa haren jardunaren erdigunean egon da, azpimarra berezia jarri duelarik energia-komunitateen sustapenean. 

Esparru horretan ekarpena eginez, Energiaren Puntua deituriko bulegoa sortu du Debagoienean D2030 ekimenak, IDAEk eta Europar Batasunak diruz lagundua. Energiaren Puntuaren helburua energia-komunitate berriak sustatzea, haien inguruko zalantzak argitzea, sortuta daudenei laguntzea eta haien arteko elkarlanerako baliabideak garatzea dira. 

Energia-komunitateak Debagoienan


Ixotzen kooperatiba: 

Elgetako herritarren artean, klima larrialdiaren inguruko lanketa egiteko irabazi asmorik gabeko kooperatiba. Lanketa horretan epe motzeko helburu nagusiak dira herritarren kontzientziazioa eta formakuntza, eta energia berriztagarrien tokiko sorkuntza. Lehen instalazioa egin berri dute, herriko pilotalekuko teilatua erabili dute horretarako. Une honetan 55 bazkide ditu.


Leintz Bailarako Ekiola:

Kooperatiba eran egituratutako energia-komunitate bat da. Kooperatibak bostehun watteko 2.520 panel ezarrita ditu Arrasateko Garaia Gunean, eta, aurreikuspenen arabera, gai izango dira 1.375 megawatt sortzeko orduko. 250 bazkidetik gora ditu une honetan kooperatibak.


Bergarako Berener: 

Bergarako Energia Berriztagarrien Komunitatea energia berriztagarrien ekoizpena, autokontsumo partekatua eta energia kontsumoaren aurrezpena sustatzen dituen kooperatiba herritarra da.


Eskoriatzako Esnargi: 

2023ko azaroan hasi ziren lanean. Eskoriatzako energia-komunitatean eta 2024ko urrian eratu zen kooperatiba gisa. Gaur egun 22 bazkide ditu. Hainbat helbururekin ari dira lanean, autokontsumoko fotovoltaikoarekin lotutako proiektuetan, baina baita, birgaitzearekin edo bestelako gaiekin zerikusia dutenetan. 

Zergatik energia-komunitateak?

Energia-komunitateak herritarrak, administrazio publikoa eta enpresak barne biltzen dituen proiektuak dira, energia sortzeko edo murrizketan oinarritutako proiektuak bultzatzeko. Debagoienean sortuta dauden laurak –Elgetako Ixotzen, Bergarako Berener, Eskoriatzako Esnargi eta Leintz Bailarako Ekiola– eta sortze bidean dauden beste bi –Oñati eta Aramaio–, irabazi asmo gabeko kooperatiba gisa eratu dira.

Debagoiena 2030eko energia arloko arduradun Aritz Ameztegik aipatu duenez, energia-komunitateek badituzte oso interesgarri egiten dituzten hainbat ezaugarri: “Tokikoak dira eta herritarra ereduaren erdigunean jartzen dute, helburua ez da negozioa, baizik eta soziala eta ingurumenekoa. Gainera, badira egin ditzaketen beste bi ekarpen nagusi: Batetik, kultura aldaketan eragitea eta, bestetik, herriko gizarte egituren indartzea”.

Energia-komunitateen sustapenak, herriko burujabetza indartzea, kanpoko eragileekiko menpekotasuna murriztea edo erabakiak tokian toki hartzea suposatzen du, dituen onura guztiekin. 

Sorkuntza eta gehiago

Une honetan, energia-komunitateak fotovoltaikoen instalazioan ari dira lanean bereziki. “Lantzeko teknologia erraza delako eta azken aldi honetan diru-laguntza ugariak izan direlako”, azaldu dute Debagoiena 2030etik.  

“Tokikoak dira eta herritarra ereduaren erdigunean jartzen dute, helburua ez da negozioa, baizik eta soziala eta ingurumenekoa”

Halere, ari dira ondoren egin daitezkeen bestelako proiektuak irudikatzen: “Mugikortasunean eragiteko tresna ere izan daitezke karga puntuen instalazio bidez edo ibilgailu partekatu eredu berriak sustatuz. Eta ez da ahaztu behar kontsumoa murrizteko bideak aurkitzea eta formakuntza ere badela energia-komunitateen helburua”, erantsi du Ameztegik.  

Inpaktua hainbat eremutan

Inpaktuaz galdetuta, dio, seguru asko, eremu urbanoan izan dezaketela inpakturik handiena, etxebizi-tzen teilatu egoki guztiak aprobetxa-tzen badira, tamaina ertaineko herrien kontsumoaren zati handi bat bertatik hornitu daitekeelako. Industria eremuan, bestalde, oso inpaktu txikia aurreikusten zaie. “Industriak behar duen energia kopurua energia-komunitateen eskalatik urruti geldi-tzen da zoritxarrez”, azaldu du Ameztegik. 

Energia-komunitateak Debagoienean

Momentu honetan lau energia komunitate daude Debagoienean: Elgetako Ixotzen, Bergarako Berener, Eskoriatzako Esnargi eta Leintz Bailarako Ekiola. 

Oñatin eta Aramaion ere ari dira herritarrak eratze prozesuetan. Beraz, urtea bukatzerako, ondo bidean, Debagoieneko herritar gehienek izango dute energia-komunitate baten parte hartzeko aukera.

Ernamuina

Energiaren Puntuaren lan-lerroetan, sortzen ari diren edo sortu diren energia-komunitateei lagun-tzea ere badago eta baita sartzearena ere. “Besteen esperientziek ikasteko balio du, lagungarri izan, energia-komunitateen irismena handi-tzeko eta garapen azkarragoa izan dezaten”, azaldu du Ameztegik.

Horretarako, energia-komunitate desberdinak batzen dituen Ernamuina lan-taldea dago. Ernamuinan komunitate horiek izan ditzaketen arazoei soluzioak elkarrekin ematen saiatzen dira, arazo berdinak edo antzekoak ematen direlako energia-komunitatek guztietan. 

Ernamuinan, guztira zortzi energia-komunitate daude: Debagoieneko lau –Bergerako Berener, Elgetako Ixotzen, Leintz Bailarako Ekiola eta Eskoriatzako Esnargi– eta Debagoienaz kanpoko beste lau –Otxandioko Oreka, Oreretako Ekiherri, Elorrioko Argiñola eta Itsasondoko Hitzar–.