Beasaingo Alkartasuna Lizeoko ikasle eta gurasoek, Elkartasun Programaren baitan eta Herriak Elkarlanean Erakundearekin batera, zenbait ekintza egin zituzten abenduan zehar. Besteak beste, merkatu txiki bat antolatu zuten, azken urteetan egin izan duten bezala.

Bertan, berrerabili zitezkeen jostailuak saldu zituzten, 977,11 euro lortuz. Gainera, Herriak Elkarlanean Erakundeko kideek euren produktuak salgai jarri zituzten eta 906,21 eskuratu zituzten. “Iazko merkatuan oso emaitza onak lortu genituen eta aurten ere antzekoak lortu ditugu: 1.883,32 euro”, azaldu zuten, prentsa aurreko batean, Alkartasuna Lizeoko ikasleek.

“Aurreko zenbait urteetan egin dugun moduan, Haitiko beharra ikusirik, bertarako jaso dugu dirua. Aurten, Marbial izeneko herrixka batean eskola politekniko bat eraikitzeko erabiliko da”, jakinarazi zuten ikasleek. Gainera, larrialdietarako ere bideratuko da dirua, 400 familiek elikagaiak eros ditzaten.

“Haitin, azken urteetan, erronka askori aurre egin behar izan diete, 2010eko lurrikara indartsuaren ondorioz. Hango umeek hezkuntza mugatuta dute, eta beraien etxeak oso baldintza txarretan daude, elektrizitaterik gabe. Inguruko beste herrialde askoren antzera, bertako bizi-baldintzak ez dira oso egokiak”, hausnartu zuten Beasaingo haurrek eta bertso bat idatzi zuten inguruan:

Lanbideen eskolak

behar dira aurten,

horrek dun garrantzia

nork ez du esaten?

Gure eskutan bada

hori re hein baten..

Has gaitezen hemendik

laguntza ematen,

Haitin hemen bezela

ikasi dezaten.



Larrialdiak sarri

ekartzen du miña,

ta aurre egitea

ez da atsegiña...

horretan behar luke

gure ahalegiña,

Haitin ere eduki

dezaten jakiña:

Denok merezi degun

bizitza duiña.