Urretxuko eskaintza artistikoa aurkeztu dute Maialen Fidalgo zinegotziak, Josu Maroto marrazkilari eta dinamizatzaileak eta Carlos Mediavilla argazkilariak . Marrazki eta pintura saioak eta erakusketak antolatu dituzte. 

Aitor Etxeberriak pintura eta marrazki eskolak ematen ditu asteazkenero, 18.30etik 20.30era. Maila guztietako zaleentzat egokiak dira, bakoitzak bere erritmoa jartzen baitu. Hileko kuota 16,50 eurokoa da. Kultur etxean eman behar da izena.

Josu Marotok dinamizatzen dituen ekimenei dagokienez, hor ere nahi duten guztiek parte har dezakete. 2015erako giza irudiari buruzko zazpi saio eta akuarelako lau masterclass antolatu dituzte. Giza irudiari buruzko saioak Zuriñe Ormaetxea modeloarekin egingo dituzte, Labeaga aretoan. Otsailaren 4an, martxoaren 4an, apirilaren 8an, irailaren 9an, urriaren 7an, azaroaren 4an eta abenduaren 9an izango dira.

Akuarelako masterclass-ei dagokienez, martxoaren 14an, maiatzaren 16an, irailaren 12an eta azaroaren 14an izango dira. Lehen bi saioak Jose Manuel Mendez Mendo bizkaitarrak gidatuko ditu. Hirugarrena Jose Luis Lopez Kubi bizkaitarrak emango du. Laugarren saioa, berriz, Marotok gidatuko du.

Horretaz gain, bi jardunaldi berezi antolatu dituzte. Maiatzaren 10ean giza irudiaren maratoia egingo dute Marotorekin eta ekainaren 7an aire zabaleko pintura saioa Mendorekin.

Bukatzeko, Juan de Lizarazu aretoan zortzi erakusketa egingo dituzte. Matilde Sainz arrasatearrak akuarela erakusketa egingo du martxoaren 7tik 23ra. Erakusketak bost atal izango ditu: basoak, ur ertzeko figurak, grisak, glaziarrak eta Oteizaren apostoluak. 

Martxoaren 28tik apirilaren 13ra Urretxuko Agenda 2030ari buruzko erakusketa egingo dute. Maiatzaren 9tik 25era Urretxuko bi argazkilariren lanak ikusi ahal izango dira: Carlos Mediavilla eta Miguel Angel Perezenak. Erakusketaren izenburua Hegoak da. Naturako argazkiak erakutsiko dituzte. Batez ere, Urretxun aske bizi diren hegaztienak. “Inguratzen gaituen edertasuna erakutsi nahi diogu publikoari. Ikastetxeentzako material didaktiko interesgarria izan daitekeela uste dugu”, esan du Mediavillak.

2025eko laugarren erakusketa Urretxu-Zumarraga ikastolako ikasleek egingo dute, ekainaren 4tik 8ra. Birziklatutako materialarekin egindako eskulanak erakutsiko dituzte. Hurrengo erakusketa Lirain Jauregi margolari urretxuarrak egingo du. Libling Rebolution, kolore manifestua du izenburua. Jauregik erakusketa kritiko eta bakezalea egingo du, kolorea hizkuntza gisa erabiliz. Libling teknika erabiliko du. 2014an jabetza intelektualaren eskubideak lortu zituen.

Irailaren 12tik 28ra Miren Puertas marrazkilari azkoitiarraren lanak ikusi ahal izango dira. Puertasen erakusketaren izenburua Donostia zuri-beltzean da. Urriaren 17tik azaroaren 2ra Vitor S. Mendonça margolari urretxuarraren txanda izango da.

Afrika Azken erakusketa Sport Mundi Gobernuz Kanpoko Erakundeak egingo du, azaroaren 21etik abenduaren 7ra. Jesus Amunarrizek egindako 21 argazki ikusi ahal izango dira. Argazkilari hau ia 100 aldiz joan da Afrikara eta 46 herrialde bisitatu ditu. Erakusketa solidarioa izango da: herritarrek ematen duten dirua Afrikako emakumeen ahalduntzearen alde erabiliko da.