Errenteriako Herri Arte Eskolak eta Ereintza dantza taldeak Ligiko (Zuberoa) Maskarada ikusteko egun osoko irteera antolatu dute otsailaren 9rako. Ligira bidaia autobusez egingo da. Irteera Niessen biribilguneko autobus geltokitik egingo da goizeko 9.00etan. Itzulera 21.00ak aldera izango da, Errenterian.

Familiarentzat plana

Irteera batez ere haurrentzako eta familientzako zuzenduta dago, baina herritar guztientzat dago zabalik. Ekintza euskaraz izango da. Goizean Ligin barrikadak ikusteko aukera izango da, eta arratsaldean, Maskaradak izango dira.

Interesa duten pertsonek izena eman beharko dute otsailaren 4ra arte. Irteeraren prezioa 5 eurokoa izango da parte-hartzaile bakoitzeko. Izena emateko, klikatu hemen.

Ligira irteerako kartela N.G.

Ohitura zaharrak

Maskaradak Euskal Herriko tradiziozko jaialdiak dira, eta batez ere Zuberoan eta Lapurdin ospatzen dira. Maskarada taldeek dantza, kantu eta antzerki ikuskizunak antzezten dituzte, maskarak jantzita, pertsonaia mitologiko eta historikoak irudikatuz. Jai honen helburua neguaren amaiera eta udaberriaren hasiera ospatzea da.

Elkarlana

Herri Arte Eskolak, 2021ean martxan hasi zenetik, Ereintza dantza taldearekin hainbat elkarlan burutu ditu. Gaur egun, elkarlan honek egitura sendo bat du eta ikasturtero elkarrekin hainbat ekintza antolatzen dituzte.

Alde batetik, elkarrekin emanaldi bat egiteko konpromisoa dute, aurten Gu Agustina lana interpretatu zuten, Jon Maya koreografoaren zuzendaritzapean. Bestetik, urtero elkarrekin irteera kultural bat antolatzeko dute. Azkenik, Herri Arte Eskolako euskal dantzako ikasle eta irakasleek eta Ereintza dantza taldeko dantzariek Gipuzkoako Dantzari Txiki egunetan elkarrekin parte hartzen dute.