2024 urte emankorra izan da Oarsoaldea eskualdearentzat eta bere bidelagunentzat. Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako udalekin batera, ekimen eta pertsona interesgarriekin elkarlanean aritzeko aukera, mugarri izan diren hainbat gertaera, eta etengabe urrats esanguratsuak emateko kemena izan dira nagusi

Hori horrela, eta etorkizuneko Oarsoaldea indartzeko bidean, eskualdearen isla diren zazpi arloetan jarri du bereziki arreta Oarsoaldea Garapen Agentziak: Inklusioa, Saretzea, Jasangarritasuna, Berrikuntza, Talentua, Iraunkortasuna eta Digitalizazioa. 

Inklusioa

Oarsolan Enplegu eta Berrikuntza zentro berria inauguratu zen irailean eta orduz geroztik baztertze arriskuan edo baztertze egoeran dauden pertsonei bideratutako hainbat programa indartu ditu. Horrez gain, Oarsoaldeako Inklusio Sarearen dinamizazioa lantzen jarraitzen du, pertsonen gizarteratzearekin eta laneratzearekin lotuta dauden eragileekin koordinazio, lankidetza eta talde-lanerako gune egonkor baten alde lanean. Oro har, pertsonen lan egoera hobetu dadin, beraien lan munduratzea ahalbidetzeko bideak zabaltzea ahalbidetzen du eskualdeko enpresekin elkarlanean. 

Bestalde, inklusioa sustatzeko asmoarekin jarraituz, programa berritzaileak bultzatu dira, hala nola Baserriberri mugaz gaindiko proiektua, langabetuak arotzerian trebatzen dituena baserri baten birgaitzearen eta ziurtagiri profesionalaren bidez. Bestetik, Oarsoaldeatik diseinatu, testatu eta Euskadiko hiru lurraldeetara zabaldu zen W egitasmoak aurrera jarraitzen du, paperik gabeko atzerritarrak tokiko enpresekin lankidetzan erregularizatzeko. 

Zaintzaren arloan, Etxekolan zerbitzuan, familia eta zaintzan lan egin nahi duten pertsonen arteko zubi-lanak egiten ditu. Ildo horretatik, bestelako entitateekin batera hausnarketa, diagnostiko eta ekintza berri-tzaileak diseinatzen ditu eta, besteak beste, SOS Arrazakeriak gidatutako Lan duina zaintza duina ekimenean parte hartu du. 

Gainera, Oarsolanek kolektibo zaurgarriei zuzendutako bestelako proiektuak kudeatzen ditu, hala nola Auzolan (Industria, Pintura, Berdeguneak), langabeen kualifikazio maila hobetzeko Ziurtagiri Profesionalak (Soldadura, CNC Mekanizazioa, etabar), lan-orientazioa eta enplegua bilatzeko tailerrak. Informazioa gehiago: oarsolan@oarsoaldea.eus edo 943 510 200 telefonoan.

Azkenik, aipagarria da Badia Berri gizarteratze enpresa, zailtasunak dituzten kolektiboak lanean gizarteratzea eta lan munduratzea, eta, aldi berean, inguruko enpresei irtenbideak eskaintzea helburu dituena. Guraso bakar diren familietako emakumeekin esku hartzen du batez ere. Lan ildo berriak garatu eta bezero berriekin harremanak egin dira, beraien lan egoera hobetu nahi duten horiei laguntzen jarraitzeko. Informazio gehiago: www.badiaberri.eus.

Saretzea

Ekainean ireki zituen ateak Agustinak Zentroak, kultura- eta sormen-industrietako proiektuak sustatzeko erreferentziazko gunea. Espazio berri honek sektoreko proiektuak saretzeko aukerak sortzea du helburu, ekintzailetzako ekosistema bultzatuz, eta eskualdearen garapen ekonomikoa ahalbidetuz. Zehazki, bertan, aholkularitza zerbitzuak, prestakuntzak, topaketa profesionalak, lanerako eta salmentarako espazioak, makineria eta oinarrizko ekipamendua eskaintzen dira. Ekintzailetzaren arloan, inkubazio fasean dauden ideientzako programa espezifikoak eta lehen urratsak areagotzeko azelerazio-programak eskaintzen ditu. Horrez gain, dagoeneko martxan dauden ekimenei ere laguntza ematen die. 

Informazio gehiago: agustinakzentroa.eus.

Ekainean ireki zituen ateak Agustinak Zentroak, kultura- eta sormen-industrietako proiektuak sustatzeko erreferentziazko gunea. N.G.

Jasangarritasuna

Klima-aldaketaren ondorioen aurrean, erresilienteagoa izango den komunitate bat eraikitzeko helburuarekin Score proiektu europarrean hartzen du parte Oarsoaldea Garapen Agentziak. 

Guztira, kostaldeko 10 hiri daude Score egitasmoaren barruan, eta bakoitza bere Kostaldeko Hirien Laborategi Bizia (CCLL edo Coastal City Living Lab ingelesez) sortzen ari da. Talde-lanaren kontzeptu berria da, hainbat eragile publiko, pribatu, akademiko eta gizarte-eragile inplikatu eta elkarlanean jartzen dituena, helburu komunak lortu eta interes orokorraren alde lan egiteko. 

Bestalde, Biratu proiektua jasangarritasunaren arloan esanguratsua den beste egitasmo bat da, ekonomia zirkularra enpresetan sustatzeko eta garapen ekonomiko iraunkorra eta lehiakorra bultzatzeko. Hazkunde ekonomikoa eta baliabide mugatuen erabilera uztartzea da bere helburua, praktika jasangarriak, eraginkortasun energetikoa eta hondakinen murrizketa sustatuz. Tokiko enpresei ekonomia zirkularrerako trantsizioan laguntzeko konpromisoa berresten du Oarsoaldeak egitasmo honen bidez. 

Horrez gain, Energia bulego berriak abian jarri dira herritarrentzat Oiartzun eta Pasaian, 2021 urtetik eskualde osorako dagoeneko martxan zegoen bulegoaz gain. Herritarrak ahalduntzea da doako zerbitzu publiko honen xedea, eta laguntza ematen du etxeetako eta negozioetako energia-fakturak eta kontsumoa ulertzeko eta optimizatzeko.

Gainera, Oarsoaldeko nekazaritza eta abeltzaintza sektorean jasangarritasun energetikoa sustatzeko ekintzak aurrera eraman dira Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun sailaren laguntzarekin.

Berrikuntza

Iraunkortasuna eta berrikuntza teknologikoaren aldeko apustuan, aurrera pauso garrantzitsuak eman dira, horren erakusle da Oarsoaldea Urdina Poloa, ekonomia urdinaren barruan kokatzen den egitasmoa. AZTI zentro teknologikoak, Oarsoaldea Garapen Agentziak eta Pasaiako Portu Agintaritzak bultzatutako eta Eusko Jaurlaritzak finantzatutako ekimen hori erreferentziazko gune bihurtu da, ekonomia urdineko proiektuen jarraipena egiteko eta sektorean ekimen berriak abiarazteko. 

Martxan dauden ekimen berritzaileen artean, honakoak dira aipagarriak: Pasaiako portuan, Portu Agintaritzaren eta Iberdrolaren eskutik, Onshore Power Supply (OPS) teknologia berritzailearen ezarpena, porturatzen diren itsasontziak energia berriztagarriz hornitzea ahalbidetzen duena, itsasontziek portuan egiten duten jardueraren ingurumen-inpaktua eta inpaktu akustikoa murriztuz; Isurki izeneko ingurumen-kudeaketarako sistema aurreratua, zeinak kostaldeko bideometria teknologia (KostaSystem) integratzen duen, SCADA sistema batekin, denbora errealean estazioak kontrolatzeko, ingurumen kudeaketa optimizatuz eta klima aldaketaren inpaktuaren aurrean itsasertza kudeatzeko funtsezko datuak gainbegiratuz; Mondragon Unibertsitatearen proiektua, XVI-XVII. mendeko euskaldunek patentatutako teknologien eta energia berriztagarrien arteko konbinazioa esploratzen duena; HCR Ingeniería-k garatutako sistema, zeinak tripulaziorik gabeko itsaspeko ibilgailuak erabiltzen dituen itsas azpiegiturak modu seguruan ikuskatzeko eta mantentzeko; Digital Earth Solutions SL eta AZTI elkarlanean ari dira kostaldeko monitorizazioa optimizatzen dute eredu hidrodinamiko prediktiboak ezartzeko; edo Kotazero proiektua, adimen artifiziala aplikatzen duena datuen analisia automatizatzeko. 

‘Score’ proiektu europarrean hartzen du parte Oarsoaldea Garapen Agentziak, klima-aldaketaren aurrean erresilienteagoa izango den komunitate bat eraikitzeko helburuarekin. N.G.

Talentua

Enpatikonomia izeneko egitasmoaren laugarren edizioa ospatu zen martxoan, Oiartzunen, non 60 lagunek jarraitu zuten jardunaldia bertatik bertara eta beste ehun bat lagunek EITBk prestatutako streaming bidez egin zuten. Eredu ekonomiko gizatiarragoa, bidezkoagoa eta iraunkorragoa lortzeko urratsak ematea da Enpatikonomia ekimenaren xedea. Aipatu ekitaldian, hitzaldiak, mahai-inguruak eta praktika onak baliatu ziren, bertan zeuden enpresetako eta erakundeetako ordezkariak talentua ertz ugariko gai konplexua dela jabetuz. 

Iraunkortasuna

Tokiko merkataritza eta ostalaritza udalerrien garapenaren eta bertako gizarte-dinamiken funtsezko osagaiak dira. Horrez gain, gizarte-kohesiorako eta eragile ekonomikoen arteko lotura indartzeko elementu nagusiak dira, hirien motore bihurtuz. Lezoko Udalak, Lezokoak elkartearekin eta Oarsoaldea Garapen Agentziarekin elkarlanean, Hiri Ekonomiaren Kudeaketa Plana abiarazi du. Plan honen helburu nagusiak merkataritza-sarea mantentzea eta indartzea dira, Lezoko herritarrentzat erreferentziazko merkataritza-gune bat sortzeko. Plana kooperazioan, berrikuntzan, aniztasunean eta iraunkortasunean oinarrituko da, udalerriko merkataritza eta ostalaritza sarearen etorkizuna indartzeko.

Industrialdeen birgaitzeari dagokionez, Oiartzungo Ugaldetxo eta Zuaznazabar eta Mamut industrialdeak eta Errenteriako Agustinak Zentroa birgaitzeko lanak aurrera eraman dira.

Oarsoaldea Urdina Poloaren baitan joan den abenduan egindako jardunaldia. N.G.

Digitalizazioa

Eskualdeko turismo-sektoreari emandako laguntza sendotu egin da tokiko baliabideak sustatuz eta tresna berritzaileak sortuz. Aurreko urtean garatu zen Arditurriko Bide Berdearen webgune, APP eta joku didaktiko berriaz gain -arditurribideberdea.eus-, lau udalerriak lotzen dituena, ahaleginak egin dira turismo jasangarria eta berritzailea sustatzeko, hala nola Cicerone sistema autogidatua berritzea, gailu mugikorretatik Oarsoaldea esploratzea errazten duena. Marketin arloan ere plan bat ere egin da, eskualdeko aberastasun historiko, natural eta kulturala nabarmentzeko helburuarekin.