Ikasturte hasiera oparoa izan dute Azpeitiko Emakume Txokoan, eta bide horri jarraipena emateko asmoz, eskaintza zabala prestatu dute datozen hilabeteetarako ere. Ireki dute Jabetze Eskoletan zein bestelako tailer eta saioetan izena emateko epea, eta urtarrilaren 31ra arte egongo da zabalik, beraz, ikastaro hauetan parte hartu nahi dutenek ahalik eta azkarren eman behar dituzte izenak.
Helburuak
Jabetze Eskolen helburua da emakumeei beren burua eta bizitzaren jabe izateko tresnak eskaintzea. Maila pertsonalean eta kolektiboan indartu, elkarrekin ikasi, errealitateari ikuspegi feminista batetik begiratu eta parte-hartze soziopolitikoa handitzen laguntzen duten topagunea dira.
Zazpi ikastaro eskainiko dira Jabetze Eskolen barruan: Emozioen Uholdea (Itxaso Beristain); Salsa batxata kuir ikastaroa (Nerea Hernandez); Ez! Limiteak jartzearen plazera (Emuna Aüka psikologoa); Osasuna genero ikuspegitik (Naiara Aizpurua); Mendi Orientazioa (Patri Espinar); Klown ikastaroa (Itziar Saenz de Ojer); eta Etxeko oinarrizko elektrizitate ezagutza (Izaskun Gurrutxaga).
Aukera zabala
Parte hartzerako, sentsibilizaziorako eta integraziorako beste hainbat ekintza ere izango dira ekainera bitartean; besteak beste, Indarkeria estetikoa eta aniztasun korporala: genero auzia hitzaldia (Magda Pineyro); Zinegoak Nazioarteko LGTBIQA+ Zinema eta Arte Eszenikoen jaialdiko film laburren emanaldia;, Emakumeak, eromena eta isiltasuna hitzaldia (Itxaso Martin); eta Geure etxean eta gorputzean burujabe liburu aurkezpena (Aiora Urbieta).
Horretaz gain, gizonei bideratutako Desboteretze Eskolen barruan, bi tailer eskainiko dira: Gizonek feminismoarekiko duten ardura eta Desira, erotika eta heteroaraua (Iñi Etxezarreta). Gainera, ikastaro orokorretan zein parte-hartze taldeetan izena emateko aukera ere egongo da: Irakurri eta ahaldundu literatura taldean (Ainhoa Aldazabal), alde batetik, eta Empalabramiento alfabetatze taldean (Nerea Del Campo), bestetik.
Izen-emateak
Izen-ematea Ikastaro eta tailerretan izena emateko epea hilaren 31ra arte egongo da zabalik. Ekintzen inguruko informazio osoa aste honetan iritsiko da etxe guztietara. Hala ere, informazio gehiago behar duenak edo izena eman nahi duenak Emakumeen Txokora (Goiko kale 12, behea) jo dezake: astelehenetik ostegunera, 09.00etatik 19.00etara, eta ostiraletan, 09.00etatik 14.00etara. emakumetxokoa@azpeitia.eus helbidera idatzi edo 943.157.055 eta 688.151.000 telefonoetara ere dei dezakete.
Data berriak eta aldaketak
Desboteretze Eskolen barruko Gizonek feminismoarekiko duten ardura ikastaroa dataz aldatu dute: esku orrian otsailaren 21ean jartzen duen arren, otsailaren 7an izango da, 17.00etatik 20.30era. Bestetik, esku orriz kanpo, Aiora Urbietak argitaratu berri duen Geure etxean eta gorputzean burujabe liburuaren aurkezpena izango da otsailaren 5ean, 18.30ean, Emakumeen Txokoan.