Hastear dira Idiazabalgo San Blas Jaiak 2025; urtarrilaren 24tik otsailaren 4ra bitartean ospatuko dira. Idiazabal Kirol Elkarteko Mendi Sailak izango du festen hasierako pregoia irakurtzeko ardura, izan ere, Mendi Saila sortu zela 40 urte betetzen dira aurten.
Dagoeneko Udala hasi da etxez etxe San Blas Jaietako egitaraua banatzen. Gainera, eskuragarri dago Idiazabalgo Udalaren web orrialdean. Aurtengo egitaraua apaintzen duen irudia Iñaki Zabaleta herritarrak egin du, bera izan baitzen Idiazabalgo Pintura Lehiaketan herritarrik onenaren saria lortu zuena. Horregatik, Udalak karteleko irudia egiteko eskatu dio.
Egitarauaz gain, hainbat ohar zabaldu ditu Idiazbalgo Udalak. Alde batatik, otorduetako txartelak dagoeneko liburutegian eskuratu daitezkeela adierazi du; otsailaren 1eko afarirako eta San Blas eguneko paella janerako. Bestalde, lehen aldiz, musikarik gabeko tartea izango dela jakinarazi du. Neurri honen helburua da espektro autistako alterazioak eta arazo sentsorialak dituzten pertsonek ere atrakzioez gozatzeko aukera izatea. Beraz, otsailaren 1ean, 12.00etatik 14.00etara, ez da musikarik izango.
Kirol probei dagokionez, aurtengo jaietako herri kirol desafioan aldaketak izango dira, izan ere, ez dute herriko bi taldek parte hartuko. Udalak adierazi duenez, aurten ez da posible izan herrian bi talde osatzea. Ondorioz, Makala taldea Legazpiko Lakiola familiaren aurka lehiatuko da. Desafio hau otsailaren lehen larunbatean izango da, 17.00etan, Igarondo pilotalekuan. Aitzitik, 44. Herri Krosa hilaren 26an ospatuko da.
Jaiak egunez egun
Axariaren jaitsiera urtarrilaren 31n izango da, ostiralean. Egun horretan, Añube eta Nafarroa 1512 taldeen kontzertua eta Mugi Panderoa taldearen erromeria ere izango dira. Otsailaren 1ean, Mozorro Eguna ospatuko da. Gauean, Irten-Bide talde idiazabaldarraren eta Bide Batez taldearen kontzertuak izango dira. Otsailaren 2an, Kandelaria Eguna ospatuko da. Egun berean, Izaltukada batukada taldea ariko da herrian zehar. Izaltukada Idiazabalen antolatutako batukada ikastarotik sortutako taldea da.
Otsailaren 3an San Blas Eguna ospatuko da, eta egitarau oparoa izango da: 36. San Blas Txirrindulari Lasterketa, paella jana eta kuadrillen arteko jolasak, besteak beste. Gauean, Joselu Anayak taldearen kontzertua izango da. Talde honek urte askoan Idiazabalen jo izan du, baina azken urteetan etortzeari utzi zion. Jendearen eskariz, Udalak taldea berriz jaietara ekartzea erabaki du. San Blas Txiki egunak emango die jaiei amaiera. Otsaileren 4an izango da, eta Santa Ageda bezperarekin bat egiten duenez, Kantu-jira taldeak antolatuta, koplak abestuko dira arratsaldean zehar.