Urtarrileko Udalberri aldizkariarekin batera banatuko da, etxez etxe, hilaren 23an, Usurbilgo Emakumeon Etxearen otsailetik uztailerako egitaraua. Jabetza Eskolako ikastaroak, liburu aurkezpenak, kultur ekitaldi bat eta aholkularitza zerbitzuak eskainiko dituzte udara arte.
Jabetza Eskolari dagokionez, hiru ikastaro eskainiko dituzte: Emakumeen osasuna heldutasunean: menopausia eta bizi-aldaketak (gaztelaniaz), biodantza (euskaraz) eta batukada feminista (euskaraz).
Jabetza eskolako ikastaroetan izena emateko epea urtarrilaren 27tik otsailaren 7ra izango da eta hiru modu daude: Emakumeon Etxean aurrez aurre, telefonoz (943 377 112) edo mezu elektronikoa bidalita (emakumeonetxea@usurbil.eus).
Aholkularitza juridikoa
Arestian aipatu bezala aholkularitza zerbitzuak ere martxan egongo dira udara bitartean. Aholkularitza juridiko eta psikosoziala zerbitzuari esker gai konplexuei buruzko informazio juridikoa eskaintzen da: banaketa, dibortzioa, emakumeen kontrako erasoei buruzko prozesu penalak, dibortzio prozesuetatik sortutako gatazkak, mantenu pentsioen ordainketa ezak, bisita erregimenen ez betetzeak, atzerritartasunarekin lotutako arazoak, etxeko langile zein gainon-tzeko langile emakumezkoen kaleratzeak, diskriminazioa, eskubideei buruzko informazioa, laguntza sozialak eta bestelako kontsultak.
Hilabetean behin, asteazkenetan, arratsaldeko 15.00etatik 18.00etara eskaintzen da eta honakoa da egutegi zehatza: otsailak 12, martxoak 12, apirilak 9, maiatzak 21, ekainak 11 eta uztailak 9.
Sexu aholkularitzak erabilpen urria zuenez, honen ordez aholkularitza psikologikoa eskaintzea erabaki da, hilabetero bitan
Berrikuntza
Bestalde, sexu aholkularitza zerbitzuaren erabilpen urria antzemanda, horren ordez aholkularitza psikologikoko zerbitzua eskaintzea erabaki da datozen hilabeteotan. Zerbitzuaren xedea pertsonen autoezagutza, ahalduntzea eta autonomia sustatzen duten tresnak ematea da, norbanakoaren ongizaterako eta gizarte eraldaketarako. Ikuspegi psikosozial, humanista eta transfeminista bermatuz eskaintzen da zerbitzua.
Bi astetik behin, astelehenetan, 15.00etatik 19.00etara erabil ahal izango da zerbitzua: otsailak 10 eta 24, martxoak 10 eta 31, apirilak 28, maiatzak 12 eta 26, ekainak 9 eta 23 eta uztailak 7. Bi zerbitzuak jasotzeko beharrezkoa da hitzordua eskatzea aldez aurretik: emakumeonetxea@usurbil.eus edo 943 377 112 telefonoan.
Bi liburu aurkezpen
Emakumeon Etxean, gainera, bi liburu aurkezpen programatu dira. Lehenengoa martxoaren 20an izango da. Egun horretan, 18.00etan, Iratxe Etxebarriak 7.300 miligramo eszitalopram liburua aurkeztuko du. Bigarrena, maiatzaren 15erako aurreikusia dago. Uxue Alberdi Estibaritzek Heteroz, bere azken narrazio liburuaz, mintzatuko da, eta ondoren solasaldia izango da.
Antzerkia
Bestalde, Ring antzezlana ikusteko aukera ere egongo da, Evaren Alabak antzerki taldearen eskutik. Emanaldia maiatzaren 24an 19.00etan izango da. Nahiz eta Emakumeon Etxeak antolatu, antzezlana Sutegiko auditoriumean eskainiko da. Antzezlanean ring batean bi aktore sartzen dira. Bata gizonez jantzita dago eta bestea emakumez. Ikusleek ring-a inguratzen dute. Aurkezle batek pertsonaiak iragarri eta ikuskizuna hasten da.