Zarauzko Urteta auzoan larunbat honetan hasi dira Sebastian Deunaren jaiak ospatzen. 16.00etan hasi dute lehen ekitaldia; Urtetako XXV. Mus Txapelketa Azkarra jokatu dute eta.
Igandean meza, hamaiketakoa, sokatira desafioa...
Igandean mezarekin hasiko dute eguna 10.30etik aurrera. 11.00etan hamaiketakoa egingo dute auzo elkartean eta ondoren, herri kirol festa egingo dute Izeta Harrijasotzaile eskolako neska-mutilen eskutik. Goiza sokatira desafioarekin amaituko dute. Bertan, auzoko Neska-Mutil Ardoaren eta ezkonduen artean lehiatuko dira. Goiz osoan zehar Aratz eta Maria trikitilariak egongo dira giroa alaitzen eta arratsaldean, 18.30etik aurrera erromeria egongo da, Elustondo anai-arrebekin.
Astelehenean meza eta ostiralean bertso afaria
Astelehenean 10.30ean meza egongo da eta ondoren hamaiketakoa egingo dute. Datorren asteko ostiralean, urtarrilak 24, bertso afaria izango dute auzo elkartean 21.00etatik aurrera. Bertsolariak Andoni Egaña eta Joanes Illarregi izango dira eta Erkizi eta Enaitzek jotako doinuekin alaituko dute afaria, baita ere. Hau amaitzean, erromeria izango da bertan goizeko ordu txikiak arte.
Datorren asteko igandean amaituko dira jaiak omenaldi bazkari batekin
Datorren asteko larunbatean, urtarrilak 25, 23.00etatik aurrera, erromeria izango da auzo elkartean Laja eta Lutxurdioren eskutik eta, ondoren, DJ Indate egongo da musika jartzen ordu txikiak arte. Sebastian Deunaren jaiak datorren asteko igandean amaituko dira. Eguerdian, Neska-Mutil Ardoko kideek omenaldi bazkaria eskeiniko diete auzoko edadetuei.