Oiartzungo Udalak iaz oporrak edo gaixotasun bajak estaltzeko lehen sektorean ordezkapen zerbitzu aitzindaria jarri zuen martxan. Helburua herriko lehen sektorea babestu eta indartzea da. Urtea amaituta “oso balorazio positiboa” egin du Ibon Mitxelenak, Burujabetzen zinegotziak. 

Izan ere, 63 egunez erabili da 2024an zerbitzua. Herriko zazpi ustiategi ezberdinek baliatu dute ordezkapenak egiteko laguntza. Nekazari eta abeltzainek zerbitzua asko eskertu dutela azaldu du Mitxelenak. Haien lan-karga arintzeko baliagarria izan dela azpimarratu du: “Ustiategiak langile profesional baten esku utzi eta deskantsurako tartea hartzeko aukera izan dute herriko ekoizleek”.

Profesional bat kontratatu

Zerbitzu hau martxan jarri ahal izateko, herriko nekazaritza eta abeltzaintza ustiategietara laguntza ematera joaten den pertsona bat kontratatu zuen Behemendi landa garapenerako elkartearen bitartez. Hala, oporraldietarako, ospakizunengatik egun libreak hartzeko, bajaren bat dagoenean ustiategiak martxan jarraitzeko edo eskulan gehigarria behar denerako, pertsona horren laguntza doan eskatu dezakete herriko ustiategiek.

Zerbitzua urte guztian

Ordezkapenak eskatzeko aukera urte guztian zehar zabalik dagoela gogorazi du Mitxelenak. “Geroz eta ustiategi gehiago ari dira zerbitzua erabiltzen eta orain arte eskatu ez dutenak ere animatu nahi ditugu probatzera”, aipatu du.

Lehen sektoreko 0,5 Nekazaritzako Lan Unitate baino gehiagoko ustiategietara dago zuzendua zerbitzua. Urtean hamar egunez erabili daiteke (gaixotasun bajen kasuan kopurua luzatu daiteke), gehienez sei egunez jarraitan eta egunean zortzi orduz. Zalantzaren bat edo informazio gehiago nahi izanez gero Behemendi elkartearekin jarri daiteke harremanetan (943 490 219).

Elikadura burujabetza

Elikadura burujabetzan aurrerapausoak ematea da Oiartzungo Udalaren helburu estrategiko nagusietako bat, hemen kontsumitzen ditugun elikagaiak bertan ekoiztea. Horretarako ezinbestekoa da lehenengo sektore indartsua izatea herrian eta Oiartzungo nekazari eta abeltzainak babestea.

“Kontsumitzen ditugun elikagaiak bertan ekoizteko ezinbestekoa da lehen sektorearen iraunkortasuna”, azpimarratu du Mitxelenak. Martxan dauden ustiategiak zaindu eta proiektu berriak sustatzeko jarri zuen martxan zerbitzua Udalak, dirulaguntza lerroak eta beste zenbait ekimenekin batera, “sektoreak dituen erronka espezifikoei erantzuteko”.

Dirulaguntzak

Oiartzungo Udalak sektorea babesteko beste neurri bat jarri zuen martxan azaroan. Herriko ustiategiak sustatzeko 50.000 euroko dirulaguntza lerroa ireki zuen, lehen sektoreak bizi duen krisi larria arintzeko. 2.000 euro eta 1.000 euro arteko laguntza ekonomikoa jasotzeko aukera izan dezake ekoizle bakoitzak, ustiapen motaren eta izandako gastuen arabera.

Aurreko deialdietan bezala, urtean zehar ustiategiek izan dituzten gastuak estaltzera bideratuko dira dirulaguntza horiek.