Beste udalerri askotan gertatzen den bezala, Hondarribiko euskararen erabilera-datuak kezkagarriak dira. Izan ere, hamar elkarrizketatik bi ere ez dira euskaraz, nahiz eta hamarretik zazpi pertsona gai izan euskaraz aritzeko. Datu horiek hobetzeko helburuarekin, maiatzaren 15etik 25era Euskaraldia egingo da 'Elkar mugituz egingo dugu' lelopean.
Garoa Lekuona Hondarribiko Euskara zinegotziak gaur goizean esan duenez, “Euskaraldia euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua da; euskarak, hizkuntza gutxitua izanik, beti baitauka aktibatu beharra, zaindu, indartu eta are gehiago, hizkuntza erabilera kontziente baten beharra”.
Ziengotziak Euskaraldia “herri mugimendua” dela gaineratu du, bai eta Udaletik baliabideak jarrita “gure herriak euskararen erabileran gehiago eragin dezan” nahiko luketeela. Zentzu honetan, Hondarribiak “hizkuntzaren erabilera kontziente baten beharra” duela gehitu du Lekuonak: “Hondarribiarra izatea euskalduna eta euskaraduna izatea dela ulertzen dugu eta, Udaletik, herriaren nahia hori dela sentituta, eta azken urteetan euskararen erabilera apala dela-eta herritar eta eragile askoren ahotatik jasotako kezkari erantzunez, Euskaraldia baliatu nahi dugu herriko hizkuntza ohituretan eragiteko, bai Euskaraldiaren datetan, eta baita Euskaralditik haratago”.
Hori dela eta, Euskaraldia Euskara Sailaren jardueran txertatuko den eta 2024an martxan jarritako euskara mahaiarekin erabat lotuta egongo den proiektua izan arren, ekimena amaitutakoan, Udalak lanean jarraituko du hizkuntzaren erabilera aktibatzeko.
Euskaraldia, maiatazaren 15etik 25era
Euskaraldiari dagokionez, Igor Arrieta da Udaletik kontratatu den dinamizatzailea. Berak azaldu duenez, euskararen erabilera handitzeko, eguneroko harremanetan hizkuntza hura lehenetsiz, hamaika eguneko praktika sozial masibo bateratu bat egingo da. “Hizkuntza-ohituren inertziak astindu eta herritarrek euskara gehiago erabiltzeko urratsak ematea eta entitateek euskaraz bizitzea ahalbidetuko duten neurriak hartuko dira”.
Beste urteetan ez bezala, Euskaraldiaren laugarren edizioa udaberrian egingo da, kalean bizitza gehiago dagoen garaian esku hartzeko, baldintza sozial egokiagoak dauden garaian hain zuzen, harreman sozialetan ahalik eta astinaldi handiena eragiteko.
Bestalde, euren kabuz izena eman dezaketen arren, entitateek euskararen erabileran lanketa sakonagoa sustatzeko aukera izango dute. “Euskaraldiko zuzendaritzaren gidaritzapean ariguneak sortu, komunikazioa euskaraz garatu eta euskararen presentzia indartzeko planak proposatuko zaizkie”, esan du Arrietak.
Azkenik, orain arte Euskaraldia 16 urtetik gorakoei zuzendutako ekimena bazen ere, aurten txikiei ere erronka luzatzea erabaki da. Horretarako, ‘Xaxatzaile’ izeneko figura sortu dute. “Horiek ez dituzte txapa k edo beste elementu ikusgarriak eramango, baina horien helburua bere inguruan gertatzen diren gauzei erreparatu eta helduei euskaraz aritzeko edo euskara lantzeko eskatzea izango da”, azaldu du Arrietak.
Bukatzeko, esan beharra dago entitateek Euskaraldian izena emateko epea zabalik dagoela apirilera arte.“Hondarribiko entitateek euskararen erabileran urratsak eman nahi badituzte, hemen dute aukera ezin hobea euskararen presentzia eta erabilera sustatzeko”, gehitu du dinamizatzaileak. Norbanakoei dagokienez, 'Ahobizi' eta 'Belarriprest' izateko izena emateko epea martxoan zabalduko da.
Hitzordua otsailaren 4an
Euskaraldiko Batzordea sortzeko, otsailaren 4an, 18.30ean Udaletxeko Areto Nagusian, bilera ireki bat egingo da. Ander Moron Euskara Saileko buru berriak esan duenez, batzorde hori izango da Euskaraldiaren hauspoa, aktibazioan eta eragiletzan ariko den herritar taldea. “Deialdi ahalik eta zabalena egin nahi genuke. Norbanako, elkarte, eragile… Denek dute zer esana eta zer egina aktibazioan. Hizkuntza ohiturak aldatzea muin, lanketa honen eragin biderkatzailea handia izan daitekeela uste dugu. Euskaraldia baliatu behar dugu harreman berriak sortzeko, ilusioa pizteko, nortasuna sendotzeko. Horretarako gako izango da ondo saretzea eta daukagun indarra ondo kudeatzea”, azaldu du.