Astelehenean hasiko ditu Hondarribiko Udalak Kale Nagusian dagoen Zuloaga Etxeko estalkia birgaitzeko lanak. Proiektuak lau asteko iraupena izango du, eta helburua estalkiaren egoera hobetzea da, iragazgaiztasun eta isolamendu baldintzak emanez.
Aurrekontua 89.426 eurokoa izango da, eta otsailaren erdirako amaituta egoteko aurreikuspena dago, beti ere eguraldiaren baldintzen pean.
Aldamioa fatxadetan jarriko da eta ez du kale Nagusiko trafikoa moztuko, baina Udaletik adierazi dute materialak deskargatu eta jasotzeko mozketa puntualak egongo direla.
Zuloaga Jauregia Hondarribiko hirigune historikoan dagoen hiri-jauregia da. XVIII. mendekoa da jauregiaren zatirik handiena. Udal-liburutegia dago bertan, eta monumentu historiko gisa dago katalogatuta.