Igandean Gabon Kopa pilota txapelketako finalak jokatu ziren Urretxuko Ederrena pilotalekuan. Goierri kirol elkartearen pilota sailak antolatzen duen txapelketa hau abenduaren 21ean hasi zen. Abenduaren 28an ere partidak jokatu zituzten. Ezkio, Legazpi, Zumarraga eta Urretxuko pilota eskoletako 49 bikotek parte hartu dute.
Igandean, hasteko, B mailako finalak jokatu ziren. Aurre-benjaminetan, Legazpiko Alaitz eta Jon, Ezkioko Aldasoro eta Iturriotzen aurka aritu ziren. Legazpiarrak nagusitu ziren, 16 eta 13. Bigarren partidan, benjamin mailakoan, Goierri kirol elkarteko lau pilotari aritu ziren: Murua eta Gorjon alde batetik eta Zufiaurre eta Goitia bestetik. Muruak eta Gorjonek irabazi zuten, 16 eta 9. Haur mailako finalean Legazpiko Eñaut, Ager eta Aiertek Zumarragako Beloki pilota eskolako Jokin eta Pablorekin neurtu zituzten indarrak. Zumarragakoak nagusitu ziren, 16 eta 14.
Final nagusiei dagokienez, aurre-benjamin mailakoan Goierriko bi bikotek neurtu zituzten indarrak: Pueyok eta Tenak, Guinea eta Albizuren aurka jokatu zuten. Pueyo eta Tena nagusitu ziren, 16 eta 4. Benjamin mailako finala Goierri kirol elkarteko Madinak eta Asurabarrenak eta Beloki pilota eskolako Zabalok eta Zianik jokatu zuten. Zabalo eta Ziani nagusitu ziren, 16 eta 14.
Kimu mailako finala Beloki pilota eskolako bi bikotek jokatu zuten: Unaxek eta Aimarrek eta Agerrek eta Ikerrek. Unax eta Aimar nagusitu ziren, 16 eta 12. Azken finala haur mailakoa izan zen. Legazpiko Urkok eta Markok, Goierriko Manexen eta Urren aurka jokatu zuten. Legazpiarrak nagusitu ziren, 16 eta 8.
Azken partida txapelketatik kanpokoa izan zen. Lehen pausoak Goierriren pilota eskolan eman zituzten nagusi mailako bi pilotarik parte hartu zuten: Julen Armaoleak eta Beñat Leundak. Lapke klubeko Armaoleak eta Telleriak, Murumendiko Usabiaga eta Leundaren aurka jokatu zuten. Armaolea eta Telleriak irabazi zuten, 18 eta 4.
Gabon Kopa Gabonetako ekitaldi garrantzitsuenetakoa da haurrentzat, baina baita helduentzat ere. Urretxun Gabonak ez lirateke gauza bera izango Gabon Koparik gabe. Izan ere, aspalditik antolatzen da. Goierri kirol elkarteko lehendakariak, Juan Luis Ayusok, berak ere parte hartu zuela gogoratzen du. “Gabon Kopa aspalditik antolatzen da. Nik ere parte hartu nuen eta 70 urte bete behar ditut!”.
Belaunaldi ezberdinak lotzen dituen txapelketa da: Miguel Lasak jokatu zuen eta ondoren bere seme Aritzek ere bai, Xabier Erostarbek jokatu zuen eta egun antolaketan parte hartzen du eta bere aita epailea da, Luis Mari Perezek antolaketan parte hartzen zuen eta igandean bere biloba Xabatek aurre-benjamin mailako finala jokatu zuen...