Irungo Parean Elkarteak antolatutako ‘Migrantas. Hain gertu eta hain urrun’ erakusketak gaur arratsaldean zabaldu ditu ateak Hondarribiko Emeki elkartearen egoitzan. Honen helburua Iraitz Arabolaza artistaren ilustrazioen bitartez beste herrialdeetatik etorri diren emakumeek egunero pairatzen dituzten bizipenak plazaratzea da.
“Gogoetarako eta kontzientzia hartzeko deialdia zabaldu nahi dugu erakusketa honen bitartez”, azaldu dute Parean Elkartetik. “Feminismotik elkar begiratu eta oraindik arrazakeria eta bazterkeria errotuak ditugula konturatzeko; akaso haien ahotsak entzunda gurea eraldatzeko bultzada ere badelako”.
Ildo berean, Pareaneko arduradunek herritarrak emakume etorkinen errealitate horri buruz haurnastera gonbidatu nahi dituzte: “Egunero, etxetik atera eta elkar gururtzatzen dugu, akaso lanean edo eskolako atarian agur egiten diogu elkarri, eta etorri berria dela jakin arren, gure egunerokotasunak ez digu zer moduz dagoen galdetzeko paradarik ematen; edota arrotza egiten zaigu, ezberdina”.
Erakusketaren jatorria
‘Migrantas. Hain gertu eta hain urrun’ erakusketaren jatorria 2015etik Parean Elkarteak pertsona migratuekin aurrera eramandako hainbat proiektutan dago, feminismoa ardatz hartuta. Azaldu dutenez, “emakumeekin elkarbanatutako espazioetan beraien kezkak eta pairatzen duten arrazakeriaren jabe izan gara eta hori artean bihurtu nahi izandugu, Iraitz Arabolaza artistaren laguntzarekin”.
Horietako proiektu bat ‘Emakume Migratzaile(ak) Artean’ da. Honen bitartez, elkartean 1950-1960 hamarkadan eta 2000. urtean gure herrialdera etorritako emakumeen bizipenak jaso eta elkarbanatu zituzten, horiek guztiak bertso bilakatuz.
Bestalde, 2020. urtean garatutako ‘Migrazioaren kartografia emozionala’ proiektuaren bidez, Irunera azken urteetan etorritako etorkinekin batera migrazioak eragindako era askotariko errealitateak mapa batean bildu zituzten.
‘Emakumeo zast!’ da Parean elkarteak emakume migratzaileekin egindako lanaren beste adibide bat. Kirolera gerturatzeko programa bat da, non jatorri ezberdineko pertsonek hilabetero elkarrekin kirol berri bat probatzen duten.
Migrazioa gizarteratu
Emakume etorri berriekin tailerrak egin dituzte ere, bai eta Interneten bidez bizipenak jaso. Horiek guztiekin, Pareanetik bizipenen hautaketa bat egin zuten, Arabolaza artistak biñetetan ilustratu dituenak. “Emakume migratzaileak protagonista eta aktore izan dira proiektu honetan. Artea lagun, bizi dituzten diskriminazio egoerak identifikatzea etaplazaratzea izan da asmoa. Euren egoeraren jabe eginez, eurak ahaldunduz, eta ahal dela prozesua bera eurentzat terapeutikoa izaten ahaleginduz. Artea diskriminazio egoera horien erakusleiho bihurtu dugu eta prozesu honen emaitza artistikoa, erakusketa, migrazioaren gaia gizarteratu eta gizarte osoarentzat hausnarketarako eta aldarrikapenerako tresna bihurtu nahi dugu”, gaineratu dute.
Biñetek kolore ezberdinak dituzte. Laranjek tailerretan eta sare sozialetan behin eta berriz errepikatzen diren arazoak erakusten dituzte; gorriek, aldiz, umeekin zerikusia duten kontakizunak, eta beste kolorekoek emakume hauen bizitzetan esanguratsuak izan diren egoerak. Erakusketa hilabete osoan egongo da zabalik, eta arratsaldero bisitatu ahal izango da, 18.00etatik 20.00etara.