EHZ 1996-2026: herri bat zuzenean lanak lortu du “aho batez”, Usurbilgo Udalak eta Jakin Fundazioak elkarrekin 2022an sortutako, Joan Mari Torrealdai ikerketa beka. Lau proiekturen artean aukeratu da irabazlea. Bigarren edizioa izan da honakoa, eta Haritz Azurmendi Arrue Jakineko kide eta bekaren koordinatzailearen hitzetan, lau proposamen “sendo” aurkeztu dira, “interesgarriak” guztiak.

Usurbilgo alkatea den Agurtzane Solaberrietaren esanetan, “Usurbildik Euskal Herriari beste ekarpen bat egiteko bokazioz jaio zen beka, Torrealdaik bizitza osoan egin zuen horretan sakontzeko asmoz: ikerketan, herrigintzan eta dibulgazioan, etorkizunari so”. 

Bigarren edizio honetan, Torrealdairen liburugintza azterketaren eredua izan da deialdiaren abiapuntua. “Hark liburugintza aztertuz ordura arteko euskal kulturaren bilakaeraz ondorio esanguratsuak atera zituen bezala, bekako proiektuek beste hainbeste egitea nahi genuen, izan liburugintzaren arloan bertan, izan beste kultur esparruetan. Bigarren bide horri heldu diote proposamenek”, jakinarazi du Azurmendik. “Hala, zinemagintza, azken urteetako rol jokoen gorakada, jakintza soziolinguistikoa zein musikagintza esparruko proposamenak jaso dira”, gaineratu du.

Lan irabazlea

EHZk 30 urte beteko ditu 2026an.Duela bizpahiru urte gogoeta fase bat hasi genuen, jakin gabe zer atera nahi genuen hortik”, azaldu du Joana Barbierrek, proiektuaren egileetako batek. Bekaren berri izatean, egindakoa aurkeztea pentsatu zuten.

EHZ adibide harturik, euskal musikagintzak izandako bilakaera aztertzea dute helburu lanaren egileek. Hala eta guztiz ere, urrutiago ere heldu nahi dute: “Ekosistema oso bat aztertzeaz ari gara: musikagintzak eta kulturgintzak, oro har, sorkuntza behar du, zaleak behar ditu, eragileak behar ditu eta boluntarioak behar ditu”, aipatu du Aitor Servierrek, proiektuaren beste egileetako batek. “Zentzu horretan, EHZren ibilbide osoan funtzionatu duten eta ez duten alderdiak aztertuta, ondorio mamitsu batzuk atera ahal izango ditugu, autokonplazentzian erori gabe”, nabarmendu du Servierrek. “Azterketa ez dugu ikuspegi nostalgiko batetik egin nahi, gibelera begira, oraingo eta biharko korapiloak askatzeko asmoz baizik”. 

Emaitza zabaltzeko nahia adierazi dute Servierrek eta Barbierrek: “Kulturgintzaren eta herri mugimenduaren espazioetan, batik bat, gu hortik gatozelako. Lehentasunez gazteekin lan egiten dugun heinean, gazteen espazioetara jo nahi dugu, baita ikastetxeetara ere”. Emaitza plazaratzeko euskarririk ez dute zehaztu oraindik.

Epaimahaia

Joan Mari Torrealdai ikerketa bekaren bigarren deialdiko epaimahaia, lehenengo deialdiko berbera izan da: Maialen Akizu, Eduardo Apodaka, Ibai Iztueta eta Ainara Lasa. “Euskal musikagintzaren bilakaera eta jaialdi-ereduen eztabaida boladan dagoen gai bat izanda, bereziki interesgarria zitzaigun horri buruzko gogoeta egin ahal izatea”, kontatu dute. “Gainera, egileek zalantzarik ez dute izan ikerketa eragilea izango dela eta ez dela kaxoi batean ahaztuta geratuko”, baloratu dute.