Eguberri jaiei agurra modurik magikoenean emateko helburuz eta Beasaingo ohitura zaharrari eutsiz, Atxipi Aisialdi Taldeak aurtengoan ere Errege Magoen Zamalkada antolatu du. Beasainen 1958az geroztik ospatzen da Errege Magoen Zamalkada, nahiz eta garaiaren arabera antolatzaileak eta formatua aldatzen joan diren. Azken hamarkadetan karrozetan iristen badira ere, izan dira Erregeak zaldien gainean, trenez eta baita globo aerostatiko erraldoi batean iritsi edo agurtu diren urteak ere. 1998an, Barrendain Plazako tren geltokira iritsi eta Gipuzkoa Plazan prestatutako globo aerostatikoan, modurik magikoenean, desagertu ziren Meltxor, Gaspar eta Baltasar.
Egitaraua
Datorren urtarrilaren 5erako, Atxikipi Aisialdi Taldeak egitarau zabala prestatu du, goizetik hasi eta iluntzera bitartean. 10.30ean, Errege Magoek Arangoiti zaharren egoitza bisitatuko dute. Ondoren, Loinazko San Martin Plazan haurren gutunak bilduko dituzte, 12.00etatik aurrera.
Arratsaldean, 16.00etan, Errege Magoen Zamalkadan parte hartuko duten pertsonen bilera izango da Igartzako Jauregian. Bertan egingo dira taldekatzeak, ardura-esleipena, jantzi-banaketa eta abar.
Errege Magoen Zamalkada 18.15ean abiatuko da Igartza Jauregitik eta 19.15ean Loinazko San Martin Plazara iritsiko da. Bertan, Meltxor, Gaspar eta Baltasarri ongi-etorri beroa egingo zaie.
Hiru karrozek dozenaka antortxeroz inguratuta zeharkatuko dituzte Beasaingo kaleak. Zamalkada Igartzan hasi eta Nafarroa Etorbidea eta Kale Nagusia zeharkatuko ditu, Plazara iritsi arte. Behin plazako ongi-etorri ekitaldia amaituta, bide beretik Igartzara itzuliko da. Bidean zehar 150 kilo gozoki banatuko dira, zeliakoek ere jateko modukoak.
Pello Irizarren doinuak
Pello Irizar musikari beasaindarra pasa den 2024ko urtarrilean zendu zen. Asko dira Pellok Beasaingo ekitaldi ezberdinetarako idatzitako edo moldatutako partiturak. Tartean, Beasaingo Erregeen Zamalkada alaitzen duten bi doinu. Ibilbidean zehar, txistu eta trikitiaren soinuez gain, Musika Bandak eta Koskola txarangak osatutako taldeak Erregeak Datoz eta Alaken izeneko pieza ezagunak joko dituzte, 2017an Pellok moldatuak. Plazako ekitaldian, bestalde, Kantujira taldeak Erregeak Beasainen abestia kantatuko du.
Elkarlana
Arratsaldean ospatuko den Zamalkada handia elkarlanean antolatu dute Atxipi Aisialdi Taldeak, Beasaingo Udalak, Bakuntza Taldeak, Goizeresi taldeko txistulariek, Loinatz Musika eskolako Trikitilari eta Panderojoleek, Musika Bandak, Koskola Txarangak, Kantujirak eta Irratizaleen Elkarteak.
Aurten, berrikuntza bat izango du Errege Magoen Zamalkadak. Antolatzaileen hitzetan, “berrikuntza desfilearen hasieratik hautemango dute ekitaldiaz gozatzera gerturatzen diren herritarrek, azken 20 urtetan ez baita aldaketa sakonik gauzatu”. Zamalkadan parte hartu nahi duten pertsonek ahalik eta azkarren eman behar dute izena atxipibeasain.blogspot.com helbidean dagoen galdetegia osatuz.