2025 urteko araugintza plana adostu zuen aho batez Oiartzungo Udalak urteko azken osoko bilkuran . Hiru ordenantza berri eta indarrean dauden beste zazpi ordenantza berritzea aurreikusi dute, herriko behar ezberdinei erantzuteko xedearekin.
Obra txikiak, terrazak eta arreta zerbitzua
Hortaz, ordenantza berrien artean lehena, obra txikiak burutzeko aldez aurreko jakinarazpenaren araubidea zehaztuko duena da, obra txikiak egiteko egin beharreko administrazio tramiteak errazteko.
Bide publikoan terrazak jartzeko ordenantza izango da bigarrena, espazio hauetan ostalaritza jarduerei lotutako jarduerak garatzerakoan bizikidetza eta erabilera orekatua oinarri izango duten irizpideak zehazteko.
Egingo duten hirugarren ordenantza berriak 2025ean martxan jarriko duten Udaleko herritarrentzako arreta zerbitzuaren funtzionamendua definituko du.
Eguneratu beharrekoak
Esan bezala, dagoeneko indarrean dauden beste zazpi araudi ere eguneratuko dituzte; zergei eta aurrekontuei lotutakoa, hondakinen bilketa eta tratamendu zerbitzua xehetzen duena edo Hiri Antolaketako Plan Orokorrarena (HAPO), Oiartzungo lurretan turismora zuzendutako apartamentu eta etxebizitzak arautzeko, bestak beste.
Familientzako dirulaguntzak
Bestalde, gizarte bazterketa eta ekonomia larritasun egoeran dauden norbanako eta familiak diruz laguntzeko deialdi berriaren oinarriak ere aho batez onartu zituzten. Olaia Lasa Ongizate zinegotziak eman zituen 2025ean zehar irekita izango dituzten dirulaguntzen xehetasunak.
115.000 euro aurreikusi dituzte eta laguntza puntualak edo epe bati lotutakoak izango dira. Eguneroko ohiko gastuei aurre egiteko izango dira: janaria, altzariak, argia, alokairua... Gainera, zailtasun egoeran dauden haurrak eta haien familiak laguntzeko beste 30.000 euro gorde dituzte. Adin txikikoen eskolaz kanpoko jarduerak, behar duten ikasmateriala eta gisako beste gastuak ordaintzeko izango dira.
Arditurri GPSren barruan
Osoko bilkuran aipatu zenez, Oiartzuarren bizi iturri garrantzitsua meatzaritza izan da aspaldiko mendeetan eta Udalak meatzariei gorazarre egin eta esker ona erakusteko meatzaritzari buruzko interpretazio zentroa edo parketxea sortu zuen Arditurrin. Interpretazio zentro honen helburua, Oiartzungo nahiz Euskal Herriko meatzaritzaren ezaugarri eta jarduerak ezagutaraztea izan da.
Oiartzungo Turismo Aukerak SA udal sozietate publikoa (OTASA) arduratu da orain arte honen kudeaketaz. Udalbatzarrean OTASA desegin eta Arditurriren kudeaketa Gipuzkoako Parketxe Sarea (GPS) Fundazioarekin elkarlanean egiteko lankidetza hitzarmena egitea adostu zuten, Gipuzkoako parketxeak irizpide homogeneoen arabera dinamizatzeko. Gipuzkoako bost Udalek (Oiartzun, Oñati, Aia, Ataun eta Zegamak) eta Gipuzkoako Foru Aldundiak osatzeko dute GPS.
Abenduko protokolo gastuak 1.523,13 euro izan dira, jardunaldi, garaikur eta oroigarrietan.