2024. urtean hil diren pertsonak oroitzeko ekitaldia egingo dute igande honetan Saioa Pueblak eta Andoni Salamerok, 12.00etan, Zumarragako Euskadi plazan (baserritarrek azoka egiten duten tokian).
Pueblak eta Salamerok Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean aurkeztu dute ekitaldia. “Ekitaldi berezi eta samur bat antolatu nahi dugu. 2024. urtean hil diren pertsonak oroitu nahi ditugu, haien senitarteko guztiei merezi duten babesa eskainiz”, aipatu dute bi zumarragarrek.
Izan ere, pertsona horientzat urte gogorra izan da. “2024. urtea batzuentzat lorpen handikoa izango zen bezala, familia askok beren senitartekoak galdu dituzte. Pertsona horiek tanatorioan, lanean, kalean… herritarren babesa jaso dute, baina herriaren errekonozimendua edo aintzatespena ere jaso behar dutela iruditzen zaigu”, azaldu dute.
Herri mailako ekitaldi bat egitea oso garrantzitsua dela uste dute. “Sentsibilitate desberdinak dituzten pertsonen samina adierazteko, herri ekimen integratzaile honetan pentsatu dugu. Batez ere, pertsona bakoitza herri garen bezala, elkar hartzeko eta herrikide direnak laguntzeko. Orain arte, familia bakoitzak bere erara adierazi behar izan du bere galera, talde bakoitzak bere samina kudeatu behar izan du, baina bada ordua, gune desberdinetan, elkartasun hori adierazteko”, gehitu dute Pueblak eta Salamerok.
Zumarragan, pandemia zela eta, 2022. urtean antzerako zerbait egin zela gogoratu dute. “Ekimen hartan, herriko alkateak eta zinegotziek ere esku hartu zuten. Horrelako ekitaldiek, herri garela adierazteaz gain, gure pentsamenduak eta sentimenduak -portaerak desberdinak eta anitzak izan arren- bat egiteko gai garela erakusten digute. Horrek gure benetakotasuna agerian uzten du; elkartasunaren, enpatiaren eta errukiaren adierazte gardenak direlako”, azaldu dute.
Mimoz eta sentiberatasunez prestatutako ekitaldia egingo dute. “Urtero egitea iradokitzen dugu, bat egitea ez baita gaur bai eta bihar agur egiteko ezer, baizik eta landu eta zaindu beharreko keinua. Pertsona desberdinek haien zama parteka dezaten, ekitaldi intimo eta samurrera gonbidatu nahi ditugu herritarrak. Herritar izan dena agurtzeko eta senitartekoei hurbiltasuna adierazteko. Eta bere mina gure mina ere badela gogoratzeko”, amaitu dute bi zumarragarrek.