Hamazazpi lan aurkeztu dira Karmele Igartua XIV. Sorkuntza bekara. Epaimahaiak guztien maila “ona” azpimarratu du, baina “ipuin egitura sendoa eta amaiera metaforikoa” duen lanaren alde egin du. Hala, Urdulizen bizi den Gotzone Butronek irabazi du aurtengo sari nagusia. Bergarako Idazle Eskola eta Aretxabaletako Udala elkarlanean ari dira deialdi honetan.

"'Kaiolatuak' izenburu duen ipuinak egitura sendoa duen lana da, batez ere, bi pertsonaien arteko interakzioak interesgarri bihurtzen dituena. Suspensea du; elkar zelatatzen diren protagonistak. Gainera, emakume bat desagertzen da, Alfred Hitchcoken 'La ventana indiscreta' filmari eginiko omenaldi bat balitz bezala. Amaiera metaforikoa du; oso ederra", nabarmendu zuen Pako Aristi epaimahaikideak Aretxabaletako Arkupe kultur etxean egindako ekitaldian.

Filosofian lizentziaduna eta Arrigorriagako udal bibliotekari den Gotzone Butronek 2.500 euroko diru-saria jaso du. Gainera, Bergarako Idazle Eskolak 2025ean antolatuko dituen edozein modulutan parte hartzeko aukera izango du, matrikula ordaindu gabe.

Juan Mari Agirreurretak jaso du aipamen berezia

Pasaian jaio, baina, 2019tik Aretxabaletan bizi den Juan Mari Agirreurretaren 'Erabateko erronka' lanari aipamen berezia egin diote. "Oso ondo idatzia dago. Erreferente interesgarriak dakartza, istorio harrigarri baten harilkaturik. Hizkuntza-aberastasuna nabarmentzen da eta baita erreferentzia filosofikoak ere", adierazi zuten epaimahaikideek. 

Butronek eta Agirreurretak idatzitako lanak www.idazten.com webgunean argitaratuko dituzte.

Datorren urtean, poesia

Hurrengo deialdian poesiaren generoa jorratuko da. 500 eta 700 lerro arteko lanak izan beharko dira. Parte-hartzaile bakoitzak, gehienez, lan bat aurkeztu ahal izango du: originala, euskaraz eta argitaratu gabea.