Oiartzungo Udalak zamalanetako furgoneta eta kamioen joan-etorriak gutxitu nahi ditu, batez ere jende gehien ibiltzen den espazio eta uneetan. Horien artean Doneztebe plaza dago eta horregatik plazara sartzeko ordutegia mugatu da. Neurri hau dagoeneko indarrean dago. Hortaz, goizeko 8.00etatik 12.00etara bakarrik izango dute zamalanetako ibilgailuek plazara sarbidea (astelehenetik ostiralera). Gainera, ordutegi horren barruan, berariaz markatu duten tokian utzi beharko dituzte ibilgailuak.

Gune berria Iparralde etorbidean

Garraiolari eta banatzaileen lana errazteko, Udalak plaza inguruan zamalanetarako gune berriak prestatu ditu, Iparralde etorbidean esaterako. Ordutegi zabalagoa izango dute: astelehenetik ostiralera 8.00etatik 17.00etara. Tarte horretan ezingo dira bertan autoak aparkatu.

Rafael Pikabea kalean zamalanetarako gordeta dagoen gune bat ere badagoela gogorazi du eta hau ere astelehenetik ostiralera 8.00etatik 17.00etara egongo da erabilgarri.

Oinezkoentzako espazioak

Udaletik azpimarratu dutenez, oiartzuarren elkargunerako espazio garrantzitsuenetarikoa da Doneztebe plaza. Herritarrentzako gune atsegina eta segurua izatea da Udalaren helburua, eta horregatik ahalik eta ibilgailu gutxien ibiltzea nahi du.

Udalaren mugikortasun planean ere jasoa dago oinezkoei lehentasuna eman behar zaiela eta, Doneztebe plaza bada eremu horietako bat. Hala, taxi geltokia Yon Oñatibia etorbidera lekualdatu zuen duela hilabete gutxi, eta udal ibilgailu gehienak ere ez dira plazatik pasatzen gaur egun.