Hondarribiko Udaleko gobernu taldeak 34.262.533 euroko aurrekontu proposamena eramango du datorren osteguneko Osoko Bilkurara ‘Egungo beharretatik etorkizuneko jasangarritasunera’ lelopean.

Igor Enparan alkateak atzo azaldu zuenez, aurrekontuek herritarren beharretara egokitzea eta auzoen garapena sustatzea dute helburu: “Arlo sozialera, ingurumenekora, ekonomikora eta azpiegituretara bideratutako ekarpenak handitzeko saiakera jasotzen duen lan tresna prestatu dugu”, esan zuen.

Aurrekontuen egikaritzan prozedura ezberdin bat jorratu dutela gaineratu zuen Enparanek. Izan ere, gobernu taldetik haratago, udal eragile ezberdinen parte-hartzea ahalbidetzeko saiakera egin da: “Udal teknikarien ekarpenak eta parte hartu nahi izan duten alderdi politikoek ere eragin dute. Aurrekontu parte hartzaile baten bidez herritar gehienen beharretara egokitutako erraminta osatu nahi izan da”, esan zuen.

Aldi berean, herritarrentzat ulergarria izango den aurrekontua izatea nahi dutela jakinarazi zuen. “Aurrekontuan jasotzen diren sarrera eta gastuak gauzagarriak eta neurgarriak izan behar dute. Eta neurtzeko tresna, hiru hileroko exekuzio txostena izango da. Udal ordezkariek eta herritarrek plangintzaren informazioa izatea nahi da, gardentasun osoz jarduteko”.

Diru-sarreren iturri nagusiak

2025erako udal aurrekontua % 18 handituko da, eta 2024koa baino 4.464.068 euro gehiagokoa izango da. Hazkuntza honen arrazoi nagusiak Foru Aldundiaren Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren, entitate finantzarioen interesak, zerga eta tasen eguneraketak ekarritakoa eta hirigintza aprobetxamenduengatik ekarpenen aurreikuspena dira. Sarreretan jasotako hazkuntza, batez ere gastu arruntetan eta inbertsioetan erabiliko dira.

Zehazki, hauek dira aurreikusten diren diru-sarrera nagusiak: Udal Finantzaketarako Foru Funtsa 15.011.334 euro; Hiri Ondasunen Gaineko Zerga 5.459.000 euro; Hirigintza aprobetxamenduak 4.503.223 euro; TAOaren dirusarrerak 1.300.000 euro; Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen Gaineko Zerga 1.250.000 euro; kirol instalazioen erabileragatik 1.220.265 euro eta Hiri-Lurren Balio Gehikuntzaren Gaineko Zerga 1.000.000 euro.

Gastuen hazkundea 

Gastuei buruz, horien hazkundearen adierazle esanguratsuenak langileriaren gastuak eta udal ondasun arruntak eta zerbitzuak direla esan zuen Enparanek. “Udal langileen kostuak aurrekontu osoaren % 28an eragiten du. Datorren ekitaldirako pertsonal alorrean % 10eko igoera bat izatea aurreikusten da, Udaletxean aspaldian itxi zen bulegoa irekitzeko langileak eta partaidaitza dinamizatuko duen teknikari bat kontratatzeko”, azaldu zuen. Bestalde, lanpostuen egonkortzeari jarraipena emateko oposizio bitarteko bizpahiru deialdi abiatuko direla esan zuen alkateak, gobernu taldeak langileen lan baldintzak hobetzea “ezinbestekotzat” jotzen du eta.

Ondasun arruntei eta zerbitzuei dagokionez, kapitulu honek % 7ko igoera izango du eta partida 13.500.000 eurokoa izango da. Bertan biltzen dira zerbitzu kontratazioak eta udal funtzionamenduarentzat beharrezkoak diren erosketak. “Azken urteetan jasotzen ari gara aurreko urteetako KPIaren igoeraren ondorioak. Adibide gisa lorezaintzako zerbitzuaren igoera nabarmena da. Azken urteetan langilegoak ez du KPIaren igoerarik jaso eta kontratazio berria egiterako garaian igoera horiek izan beharreko eguneratzea jasotzea aurreikusten da”, gehitu zuen Enparanek.

Bestalde, 2025ean hainbat zerbitzu berri eskainiko direla nabarmendu zuen alkateak. Hala nola, hiri autobus zerbitzua (486.150 euro) edo Gizarte Zerbitzuetatik eguneko unitateak martxan jartzea. Gainera, besteak beste, kiroldegiaren kudeaketarako 1.486.601 euro jasotzen ditu aurrekontuak, etxez-etxeko laguntza zerbitzurako 750.000 euro; lorezaintzarako 600.000 euro; Arma Plaza Fundaziorako 350.000 euro; Prebentzio Komunitario Planerako 315.200 euro eta bide publikoen kontserbaziorako 300.000 euro.

6 milioi euro inbertsioetarako

Datorren urtean berrikuntza nabarmenena inbertsioetan datorrela adierazi zuen alkateak. “Herriak behar dituen garapen eremuak” jasoko dituen atalak % 73ko igoera izango du, eta guztira 5’9 milioi euroko partida bat izango da. “Oso garrantzitsua iruditzen zaigu urte hasieratik aurrekontuan ahalik eta partidarik handiena izatea, urte hasieratik bertatik inbertsio garrantzitsu horiei aurre egin ahal izateko”.

Proposamen nagusiei dagokionez, Arrantzale auzoa berritartzeko 2.280.000 euro aurreikusten dira; lurzoruaren ondarerako 834.000 euro; Gizarte Zerbitzuen bulego berrirako 719.000 euro; kiroldegian hobekuntzak egiteko 286.000 euro; HAPOaren garapenerako 175.000 euro; termiten mapa garatzeko 100.000 euro; mugikortasuna hobetzeko 47.000 euro eta Pasaia kaleko lanak hasteko 36.000 euro. 

Honekin lotuta, alkateak Aurrantzale auzoko zein Gizarte Zerbitzuen bulego berriko lanak 2025eko lehenengo hiruhilekoan eta Pasaia kalekoak bigarren seihilekoan martxan jartzea aurreikusten dela jakinarazi zuen. 

Transferentziak eta dirulaguntzak

2025eko aurrekontuaren eranskinean jasota daude udalak banatuko dituen diru-laguntzak, bakoitzaren izaera, hau da, zuzenak edo lehia bidezkoak diren, eta horien kopurua. 2024ko ekitaldian aurrekontuaren plan estrategiko berria burutu da eta plangintza horri jarraibidea emateko asmoa dago.

Beste entitate eta pertsonentzako transferentziak ere jasotzen dira bertan; hala nola, Gizarte Zerbitzuen bitartez banatzen diren familia-laguntzak, Bidasoa Bizirik Garapen Agentzia eta Txingudiko Zerbitzuetarako transferentziak, alderdi politikoentzako baliabideak, eta udalak antolatzen dituen lehiaketa ezberdinetan sariak banatzeko partida. 

Garapen jasangarrirako helburuekin lerrokapena

Enparanek aurten ere udal aurrekontuak Nazio Batuen Erakundeak ezarritako Garapen Jasangarrirako Helburuekin lerrokatzeko egindako lana azpimarratu zuen. “Udal aurrekontua oinarrizko tresna da politika eta zerbitzu publikoak Garapen Jasangarriko Helburuak lortzera bideratzeko. Horretarako, programa funtzional bakoitza helburu batekin eta horren azpihelburuekin lotu dugu”, azaldu zuen.

Puntu honetan, 18 helburu horiek jasotzen dituzten lau ardatz nagusi daude. Ikuspegi sozialeko helburuetarako 14.595.728 euro bideratuko dira, ikuspegi ekonomikoko helburuei 2.166.511 euro, ingurumenarekin zerikusia dutenei 10.001.921 euro eta zeharkako ikuspegia dutenentzat 7.498.372 euro.

Gainontzeko alderdien proposamenak

Azkenik, aurrekontua ez dela udal gobernu taldeak bakarrik landutako dokumentu bat errepikatu zuen Enparanek. “Udal teknikarien aportazioak jaso ditu, baita Udalean ordezkatutako alderdi guztiena ere. Azken hauek egindako proposamenetatik hainbat jaso dira aurrekontu honetan”. Hala, batzordean diktaminatutako dokumentuan agertzen den moduan, Abotsanitz udal taldeak proposatutako 545.000 euro jasotzen dira dokumentuan, EAJ-ren 1.732.850 euro, PSE-EEren 3.601.250 euro eta EH Bilduren 1.098.292 euro.

Bukatzeko, osteguneko Osoko Bilkuran aurrekontua aurrera ateratze espero duela esan zuen Enparaneki, “izan ere, gure asmoa da urte hasiera hasieratik aurrekontu honi ahalik eta zuku gehien ateratzea”.