Urtean zehar aparteko lana egin dutenak eta ibilbide oparoa izan duten kirolariak omenduko ditu Zumarragako Udalak. Ekitaldia bihar izango da, 12.00etan, udaletxean. Aurten zortzi kirolari omenduko ditu: Elene Lete, Dani Garcia eta Mikel Balenziaga futbolariak; Alberto Fernandez futbol epailea; Angel Arrospide, Jabier Aranberri eta Joxe Ugarteburu aizkolariak eta Nahia Urbizu gimnasta. Azken honek herritarren saria jasoko du.
Lete Realeko atezaina da eta Espainiako futbol selekzioarekin ere jokatzen du. Denboraldi bikaina egin du. Realarekin Kopako finala jokatu du eta Espainiako selekzioarekin, berriz, Nazioen Liga irabazi du eta laugarren egin du Pariseko Joko Olinpikoetan.
Dani Garciak Kopa irabazi du aurten Athleticekin. Hamar denboraldi eman ditu Espainiako Ligako Lehen Mailan: lau Eibarren eta sei Athleticen. Aurten Olympiakos taldearekin fitxatu du eta Europa Liga jokatzen ari da.
Mikel Balenziagari dagokionez, hamar denboraldi jokatu ditu Athleticen. Bi Superkopa irabazi ditu. Aurreko denboraldian A Coruñako Deportivon jokatu zuen eta Bigarren Mailara igotzea lortu zuen. Aurtengo ekainean futbola utzi du. Entrenatzaile lanetan dabil, Sopelan.
Letek, Garciak eta Balenziagak Urolan eman zituzten lehen pausoak. Letek Realean bakarrik jokatu du. Garciak Eibarren eta Athleticen jokatzeaz gain, Realena, Alacanten eta Getafen jokatu zuen. Balenziagak, Athleticen eta Deportivon jokatzeaz gain, Realean, Numancian eta Valladoliden jokatu zuen.
Alberto Fernandezi dagokionez, 18 urte eman ditu epaile lanetan. Aurten hartu du erretiroa. Horretaz gain, Urolako zuzendaritzako kidea izan da Valentin Barrena, Serafin Gartziandia, Koldo Madariaga, Francis Nuñez eta Mikel Mesonero lehendakariekin. Baita lehen eta bigarren taldeetako eta kimu mailako taldeko delegatua ere. Horretaz gain, Urolaren lagunarteko partidetan epaile lanetan aritu da klubak hala eskatu dion guztietan. Gainera, herriko hainbat ekimenetan laguntzen du. Santa Isabel jaietako danborradan eta Erregeen desfilean, besteak beste.
Aizkolariei dagokienez, hiruek sekulako lana egin dute kirol hori Zumarragan eta inguruko herrietan sustatzeko. Arrospidek sei aldiz irabazi zuen Euskal Herriko txapelketa. Ugarteburu eta Aranberri ere Lehen Mailan lehiatu ziren. Ugarteburu hirugarren postuan sailkatu zen bi aldiz Euskal Herriko txapelketan.
Urbizuk gimnastika erritmikoa egiten du. Gipuzkoako txapelketan urrea eta zilarra lortu ditu, bakarka. Taldeka zilarra lortu du. Euskadiko txapelketan, berriz, urrezko domina lortu du Azkoitiko Zubiberri taldearekin. Euskadiko txapelketan, bakarka, zortzigarren eta hamabigarren postuan sailkatu da.
Aipatu bezala, Urbizuk herritarren saria irabazi du. Berrikusi aplikazioaren bidez aukeratu dute. Botoa eman duten guztien artean Ispilla udal kiroldegiko urte osoko abonua zozkatu dute eta Carlos Hernandezek irabazi du