Lezoko Udalak MuittuJakin proiektuaren baitan sortutako ekimen berria aurkeztu du aste honetan: Eman pausua, BIZI! Ekimen honen helburua bizitza aktibo eta osasuntsua sustatzeko herritarren artean ezagutza eta baliabideak zabaltzea da.

Informazioa eta materialak hainbat euskarri digital eta fisikotan zabalduko dira: infografiak, sare sozialetarako bideoak eta udal webgunean eskuragarri egongo diren loturak, besteak beste.

MuittuJakin proiekturako egin den infografia bat N.G.

Bizi itxaropena

Aurkezpenean, Arkaitz Angiozarrek, Kirol teknikariak, bere aldetik, proiektuaren xehetasunak nabarmendu zituen, hala nola herritarrei zuzendutako kartela eta bertan jasotako informazioa: “Kartelak lau ideia nagusi transmititzen ditu, guztiak ere ikerketa zientifikoetan oinarrituak: jarduera fisikoak bizi itxaropena luzatzen du, gaixotasunak gutxitzen ditu, zoriontasuna areagotzen du eta, hori lortzeko, gutxieneko praktika bat beharrezkoa da”. “Herritarrak animatzeko, esaldi labur baina esanguratsu bat sortu dugu: Izan aktiboa: nahikoa mugituz, gehiago, hobeto eta zoriontsuago biziko zara”, gaineratu du.

Jarduera fisikoa

Izan ere, jarduera fisikoa egitearen eta bizitza aktiboa mantentzearen onurekin hasiz, hainbat ikerketetan ikusi dena, bizitza espektatiba luzatzen duela da, urtebetetik zazpi urte bitarteko luzapena izanik. Hori gertatzearen arrazoietako bat, jarduera fisiko erregularra gazteago mantentzen zaituen aldaketa zelularrarekin estuki lotua dagoela da. Beste ikerketa batean, 70 urteko jende aktibo eta ez aktiboen bihotza, birikak eta muskuluak 40 urteko biztanle akiboekin alderatu zituzten eta ikusi zen bi adin tarte aktiboen artean parekotasun handiak zeudela. 

Gakoa: erregulartasuna

Edonola kirola, jarduera fisikoa edo mugitzea ez da guztiz eraginkorra. Hau, erregulartasun batez eta gutxieneko praktika osatuta da bakarrik baliagarria; hau da, astean gutxienez 150 minutuz praktikatu behar da jarduera fisikoa edo egunean 30-60 minutu bitarte.

Komunitate osasuntsua

Bestalde, Mireia Kuestak, Kirol zinegotziak, adierazi zuenez, “Lezon pertsona aktiboago eta autonomoagoen komunitatea lortu nahi dugu”. Horretarako, herritarrek oinarrizko ezagutza izan behar dute jarduera fisikoak euren ongizatean duen eragin onuragarriari buruz. Proiektu honek, horren bidez, bizitza osasuntsua eta aktiboa bultzatzen lagunduko du”, azaldu zuen.

Beraz, Lezoko Udalaren helburua argia da: “Herritarrei tresna praktiko eta eraginkorrak eskaintzea, ongizatea hobetu eta bizi-kalitate osasuntsuagoa sustatzeko”.

MuittuLezo

Ekimen hau Lezoko Udalak 2016an sortutako MuittuLezo estrategiaren barruan kokatzen da, eta bizitza aktiboa sustatzeko lanketa komunitario baten emaitza da. Estrategia honen baitan, hainbat erakunde eta herriko eragile elkarlanean aritu dira, hala nola, Osakidetza, Osasun Saila, hezkuntza komunitatea eta beste hainbat talde.