Datorren astelehenean, abenduaren 16an, arratsaldeko 19.00etan eta Hernaniko Biteri kultur etxean, Patxi Olabarriak Hernaniko armarriaren xehetasunak azalduko ditu. Hernani Errotzenek antolatutako hitzaldi honek Hernani herria hobeto ezagutzeko gako batzuk eskainiko ditu.

Gipuzkoako armarrian kanoiak

Antolatzaileek gogora ekarri dutenez, orain urtebete pasa, azaroaren 25ean, Gipuzkoako armarriari buruzko jardunaldia egin zen Hernanin. "Gure herria ezagutzeko aukera paregabea izan zen hura, Hernanin ere kanoi batzuk jarri izan baititugu harro, gureak bailiran", esan dute.

"Jardunaldi haietatik eta Hernani Ezagutu kanpainaren barruan ondorio batzuk ere atera ziren; besteak beste, jakin genuen irudi haiek nork jarriak ziren. Geroztik, Patxi Olabarriak hariari tiraka lan aberatsa eta emankorra burutu du", azpimarratu dute.

Hernaniko armarria

Hernaniko armarria N.G.

Asmakeriak

Izan ere, Olabarriak dionez “hainbat osagai ditu (ikur batek), hala nola hizkuntza, ohiturak eta ikurrak, baina oharkabean daude horietako asko; normaltzat jotzen dira”. Baina kasu honetan ez da hala izan. “Askotan, ordea, ziria sartu digute: horien ezagutza beharrezkoa da, historiaz jakiteko eta gure ikurren berri izateko".

Heraldika

XVI. mendean, heraldika jakintza arloan sartu zen, eta esanahia eman zieten armarriko irudiei: "Kanoiena bazekiten, baina, beste irudiak zer diren azaltzen duen dokumenturik ezean, epikotasuna eta asmakeria erabili zuten". Hala, Olabarriak dioenez, batetik, azaldu zuten "erregeak nafarren eta aragoitarren arteko bataila" adierazten zuela –XVII. mendean hasi ziren esaten Alfontso VIII.a zela, eta egun bertsio ofiziala da Henrike IV.a dela–; eta zuhaitzekin, bestetik, euskaldunen eta erromatarren arteko gudua irudikatzen dela, euskaldunek euren buruaz beste egin zutela hagin pozoitsuekin erromatarren eskuetan jausi aurretik.

Nahiko bistakoa da armarriko irudiei heraldika horrek eman zion esanahia asmakeria hutsa zela. Hortaz, astelehenean, Patxi Olabarria berak azalduko ditu horiek guztiak, Hernani hobeto ezagutzeko.