2024aren balorazioa egin dute 650 Usurbil Bizi proiektuaren bultzatzaileek aste honetan, eta pozik azaldu dira lortutako emaitzekin eta herriko zein kanpoko eragileekin izandako elkarlanarekin. Datorren urtean, Errioaren Usurbil ildoa garatzea izango da proiektuaren helburu nagusia.
Sarbide publikoa
Aurkezpenean, Iratxe Begiristain zinegotziak iragarri zuenez, erriorako sarbide publikoa ahalbidetu, eta, aisialdia, natura eta kultur ondarearen transmisioa uztartuko dituen eskaintza osatu nahi da. Albaola eta Begibistan enpresekin harremanetan dago Udala, eta Aginagako elkarteekin elkarlanean osatu nahi dute eskaintza hori.
Ontziralekua
Horretarako, ontziraleku bat jarri nahi dute, Aginagan, eta hori egin ahal izateko lanak hasiak dituzte dagoeneko, Kosta Agintaritzari eta URA Agentziari baimena eskatzetik hasita. Lortuz gero, lursaila erosi eta eskaintza abiatu ahal izango dute: guztira, 150.000 euro inguruko inbertsioa egitea aurreikusi dute.
Dokumentala
Usurbilek eta Aginagak Oria errioarekin duten harremanaz gehiago sakontzeko, adibidez, abenduaren 22an Nagore Urdanpilletak eta Ibon Gaztañazpik berriki egindako Errio dokumentala emango da, Eliza Zaharrean.
2025eko nobedadeak
Berritasun gehiago ere izango dira, Begiristainek azaldu zuenez. Esaterako, Sagardoaren Unibertsitatearekin elkarlana areagotuko da, urtero egin ohi dituzten bertso ibilaldiak 650 Usurbil Biziren eskaintzan sartuta eta sagar jotzea gertutik ezagutzeko bisita antolatuta. Txotx garaian ere sagardoaren bueltako bisita gehiago eskaintzea da asmoa, gainera.
“Errioa zein sagardoa, gure herriaren nortasun ikur dira, eta duten balioa aitortu ez ezik, horiek bizitzeko aukera eman nahi dugu”, nabarmendu zuen Begiristainek.
Usurbil Museoa Irekia
Azkenik, turismo eskaintza berritzeko bokazioarekin, Potxoenea udal ekipamenduan dauden beste hiru artelan gehituko dira Usurbil Museo Irekia bisitara, datorren urtetik aurrera: Jose Luis Zumetaren Usurbilgo Lehoia margolana, Juan Gorritiren Txalaparta eskultura eta Alejandro Tapiaren Txokoalde gauez margolana.
Bisitari gehiago
2024an, 50 bisita gidatu egin dira, eta horien bidez 605 lagunek ezagutu dute Usurbil, indibidualki (379 lagun, 35 bisita) edo taldean (226 lagun, 15 bisita). Eskaini eta egin ez diren bisita gidatuak ere egon dira: bost izan dira, zehazki. Hala ere, 2023ko datuekin konparatuta, bada alderik: bisita kopuru gehiago, baina bisitari gutxiago izan ziren 2023an, (479 lagun, 59 bisita).
2024ko bisitarien jatorriari erreparatuta, Gipuzkoatik etorriak izan dira gehienak (%83); jarraian leudeke, Alemaniatik (%7,5), Bizkaitik (%7), Nafarroatik (%2) eta Kantabriatik (Espainia; %0,5) etorritakoak.
Eskaintza berritua
2024an, bisita gidatuen eskaintza berritu da. Museo Irekia bisitaren kasuan, bestelako bisitekin osatu dute zenbait kasutan: bisita gidatuaren ostean, Zumeta Arte Estudioa ezagutzeko aukera, Chillida Leku ezagutzeko aukera eta Zumetaren Usurbil erakusketa bisitatzeko aukera eskaini da.
Horrez gain, bisita gidatu berriak abiatu dira. Batetik, Salbatore elizaren ondarea eta organo erakustaldiaz gozatu ahal izan dute bisitariek. Bestetik, Gerraren memoria ibilbidea osatu eta eskaini da. Usurbilgo Sagardoaren Kultura ezagutzeko bisita bat ere egin da, eta Zaintzaren Usurbil eta Zero Zabor Usurbil ildoei lotutako bisitak ere eskaini dira.
Elkarlanak
Horiek guztiak, herriko eta herritik kanpoko eragileekin elkarlanean landuak eta eskainiak izan dira: Zumeta Arte Estudioa, Chillida Leku, Usurbil 1936 Oroimen Historikoko elkartea, Sagardoaren Unibertsitatea, Matia Fundazioa eta Txirikordako bizilagunak eta Salbatore parrokiako kideak eta Joan Luis Atxega organo jotzaile usurbildarra. Jexux Artze kultur elkartearekin eta Oreka Tx taldearekin elkarlanean, Txalaparta Eguna ere ospatu da, eta aurrera begira txalapartaren inguruko eskaintza oso bat diseinatu nahi dute.
Zumeta
650 Usurbil Bizi proiektuaren hastapena Jose Luis Zumetaren Usurbilgo muralaren 50. urteurrenak markatu zuen, batik bat, 2023an. Zumeta Arte Estudioarekin elkarlan estua izan da, bi urtez gutxienez, eta hala izaten jarraitzeko oinarriak ere adostuta dituzte. Aurten, Zumetaren Usurbil erakusketa egin da, eta urteurrenari lotutako ekintzen amaiera gisa, Usurbilgo Udalak Zumetaren Usurbilgo lehoia koadroa erosi zuen: Potxoeneako Urdintxo gelan dago ikusgai.