Hondarribiko Udalak Hondartza Kiroldegian eguzki-panel fotovoltaikoen instalazio bat jarri berri du. 58,5 kWp potentziako instalazioa da, eta eraikinaren argindar hornidura nagusiko kontsumoaren %10a estaliko du. Udaletik adierazi dutenez, obraren kostua 48.321 eurokoa izan da.
Garoa Lekuona Ingurumen eta Energia zinegotziaren hitzetan, Hondartza Kiroldegia herrian dagoen eraikin handiena eta erabilienetarikoa da eta ondorioz, kontsumo energetiko gehien duen udal eraikina da. "Bertan energia kontsumoa jaisteko urrats ezberdinak eman nahi ditugu Udaletik eta eguzki-panel fotoboltaikoak jartzea horietako bat da”, esan du.