Kalezarko trafikoa mugatzeko sistema bat jarri du Usurbilgo Udalak auzoan. Honela, Belmonteko hirigune historikoari oinezko izaera eman zaio, auzotarren eskari bati erantzuna emateko. Sistema bera jarrita dago, eta azaroaren 25etik ari dira probatzen. 

Auzoko bizitza erosoagoa eta seguruagoa izan dadin adostu da neurria, bertatik pasatzeko baimena soilik bertakoek eta oinarrizko zerbitzuek izango dute sistema horren bidez. 

Auzotarren eskaria

Arestian aipatu bezala, azken urteetan auzotarrek egindako eskaera bati erantzuten dio Belmonte hirigune historikoari oinezko izaera emateko erabakiak. 

Azken urteetan auzotarrek egindako eskaera bati erantzuten dio erabakiak bizitza erosoagoa eta seguruagoa izan dadin

Hiru neurri

Hirigintzan eta trafikoan esku hartze txikiak eginda herri zaintzaileago bat izateko aukeraz ohartuta, Udalak hiru neurri hartzea erabaki du Belmonteko hirigune historikoari oinezko izaera emateko. Batetik, Felix Aizpurua plaza hiri-altzari berriekin hornituko da, tokia goxatzeko, baina baita ibilgailuen abiadura motelarazteko ere, Zumarte musika eskolaren parean, Kale Nagusian, aurrez egin bezala. Bestetik, hirigune historikoaren eremuan, garaje pribatuez gain, bi aparkaleku baimenduetan soilik aparkatu ahal izango da: beteta badaude, eremutik kanpoko aparkalekuetan utzi beharko dituzte ibilgailuak. Azkenik, trafikoa mugatzeko sistema ezarriko da. Ez da barrerarik ez bestelako oztopo fisikorik jarriko: edozein ibilgailuk pasatu ahal izango du Belmonte kaletik. 

Horren ordez, hirigune historikoaren bi sarrera-irteeretan matrikula irakurgailu eta semaforo bana jarri da: kamerek ibilgailuen matrikulak irakurriko dituzte, eta datu-basean kontsulta eginda, unean bertan argi berdea edo gorria piztuko da, baimena duten edo ez adieraziz.

Kalezarko semaforoa eta matrikua irakurgailua N.G.

Matrikulak irakurtzeko sistema Dinycon enpresari erosi zaio, 14.470 euroan, eta hori Udalarekin konektatu ahal izateko beste 1.120 euro inguru behar izan dira. Kopuru horiei gehitu beharko zaizkie oraindik zehaztu gabe dauden seinale berrien eta hiri-altzarien aurrekontuak.

Baimenak

Udalak auzotarrekin adostu du zein eremutako ibilgailuek izango duten Belmonteko hirigune historikotik pasatzeko baimena: zehazki, Kalezar auzoa kalearen hasieratik 19. zenbakira arteko etxebizitzetan erroldatutakoak izango dira. Baimendutako etxebizitzetan erroldatutako ibilgailuen zerrenda datu basean sartu da: 220 ibilgailu inguru dira baimenduak. 

Horrez gain, oinarrizko zerbitzuek zein larrialdi zerbitzuek (suhiltzaileak, anbulantziak edo udal zerbitzuak) ere pasatzeko baimena izango dute.

Salbuespenak

Salbuespenezko baimenak ere emango dira, baina kasu horietan, espresuki egin beharko dute eskaera udaletxean, arrazoiak azalduz, abenduaren 20ra bitartean. Goizez, udaletxeko harreran eskatu ahal izango da, eta ezin duenak arratsaldez Udaltzaingoaren bidez eskatzeko aukera izango du.

Ordenantza eguneratua

Kalezarko kasua aitzakia hartuta, trafikoa, motordun ibilgailuen zirkulazioa eta bide segurtasuna arautuko dituen ordenantza eguneratzeari ekin dio Udalak; egun indarrean dagoena 2001ekoa da. Udalaren aurreikuspenen arabera, abenduko osoko bilkuran onartuko da ordenantza, eta otsaila baino lehenago ez da espero indarrean sartzea, erabakia GAOn argitaratu eta jendaurrean jarri beharko baita, alegazioetarako.