2024an baino 2,12 milioi euro handiagoa izango da Usurbilgo aurrekontua 2025ean. Zehazki, Udalak 15,13 milioi euroko aurrekontua onartu du. Gauzak horrela, datorren urtekoa Udalak inoiz izandako aurrekonturik altuena izango da. Azaroko osoko bilkuran onartu zituzten, EH Bilduren aldeko botoekin; EAJk aurka bozkatu zuen, eta PSE-EEk abstentziora jo zuen.
Udal Gobernuak nabarmendu zuenez, aurrekontuak gizartearen gaur egungo erronkei erantzuteko ezarritako misioetara gerturatzeko, Legealdiko Planari bultzada emateko eta herri-auzo bizigarriak izateko partidak jaso ditu.
Igoera
Osoko bilkuran diru-sarreren igoera, nagusiki, hiru arrazoirengatik izan dela azaldu zuten. Batetik, Michelin ondoko Zapategi eremuaren garapen industrialaren bidez, 860.000 euro jasoko ditu Udalak, datorren urtean. Garapen horrek hainbat gorabehera izan ditu azken urteotan, eta oztopo guztiak gaindituta, aurrera egingo du, azkenean.
Bestetik, Aldundiaren Udalak Finantzatzeko Foru Funtsetik 5,7 milioi euro jasoko dira, 2024an baino 465.000 euro gehiago.
Azkenik, Gauzatu Energia programako maileguaren bidez, 300.000 euro jasoko dira. Eusko Jaurlaritzak bideratutako mailegua da, interesik kobratzen ez duena, eta kaxkoko argiteria guztia LED-era pasatzeko baliatuko da. “Azken urteotan faseka aritu gara, eta datorren urtean jauzi kualitatibo bat eman nahi dugu eraginkortasun energetikoaren alorrean”, nabarmendu zuen udal Gobernuak. Inbertsioaren ingurumen inpaktuaz gain, inpaktu ekonomikoa ere izango du argiteria publikoaren gastuan.
Inbertsioak
Inbertsioei dagokienez, 1,9 milioi euro bideratuko dira 2025ean, eta, horri esker, Legealdiko Planeko konpromisoei eusteko hainbat partida gorde ahal izan dira. Izatez, 2024an martxan jarri dira horietako zenbait, 2024ko aurrekontuetan aurreikusi ez zirenak eta 2025ean ere jarraipena izango dutenak.
Elkargunea eta haur eskola
Batetik, Elkargunea eraikitzeko 2,5 milioi euro gorde dira aurten, mailegua eskatuta, eta beste 18.000 euro bideratuko dira eraikina izan bitartean proiektua dinamizatzen jarraitzeko.
Bestetik, haur eskolarako 200.000 euro gorde dira aurten, eta 2025ean eta 2026an, beste 400.000na euro bideratuko dira, bakoitzean.
Udaletxeko teilatua konpondu eta espazioa berrantolatzeko 150.000 euro gorde dira aurten, eta beste 55.000 euro bideratuko dira 2025ean.
Igogailua
Espero gabeko dirulaguntza bati esker, Kale Nagusia eta Etxealdia lotuko dituen igogailurako 850.000 euro bideratu dira aurten. “2025ean bultzada erabakigarria emango diogu Legealdiko Planari”, nabarmendu zuen udal Gobernuak.
Beste proiektuak
Datorren urterako egitasmo gehiago ere jaso dira. Esaterako, Bizkarreko skate park-a berritzeko 150.000 euro bideratuko dira. Kultur agendaren zein bestelakoen berri emateko tresna izango den panel digitalerako 15.000 euro gorde dira. Beste hainbeste bideratuko da herriko barandak osatzera.
Hoditeria berritzeko 40.000 euro gorde dira eta 80.000 euro bideratuko dira asfaltatze lanak egiteko. Emakumeon Etxeko programazioa garatzeko 40.000 euro bideratu dira, eta misioen araberako gobernantza eraikitzeko lizitaziorako, 20.000 euro.