Urretxuko kantu afariari buruzko dokumentala asteartean estreinatuko dute
Aurkezpen ekitaldia Labeaga aretoan izango da, 19.00etan, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte
Urretxuko Santa Anastasia jaietako kantu afariak 30 urte bete ditu. Hori dela eta, Gattiken ikus-entzunezko enpresak Urretxuko kantu afaria 30 urte dokumentala egin du, antolatzaileek eskatuta. Dokumentala datorren asteartean aurkeztuko da, Euskararen Egunean. Ekitaldia Labeaga aretoan izango da, 19.00etan. Kantu afariaren antolatzaileek urte hauetan guztietan ekitaldian parte hartu dutenak dokumentalaren aurkezpenera gonbidatu dituzte.
Dokumentalak ordu erdiko iraupena du. Hasteko, Gattikenekoek aurtengo kantu afariaren prestaketa grabatu zuten, herritarrek ekitaldiaren atzean dagoen guztia jakin dezaten. Horretaz gain, urte hauetan guztietan kantu afariko protagonistak izan direnen testigantzak jaso dituzte: parte hartzaileak, musikariak, antolatzaileak... Kantuaren garrantziari buruz hitz egin dute, besteak beste. Hori guztia urte hauetan guztietan ateratako argazkiekin jantzi dute.
Kantu afaria 1994an jaio zen, herritarren artean kantu zaletasuna bizirik mantentzeko. Zintzo-Mintzo euskaltzale elkartearen kultura batzordearen ekimenez sortu zen. Zumarragako jaietan giza katea antolatu zuen eta Urretxuko jaietan kantu afaria. Kantu afaria Zintzo-Mintzo sortu zen urte berean sortu zen. Jose Mari Lasaren proposamena izan zen. Euskara eta herria ardatz izango zituen ekitaldi bat nahi zuen.
Jaietako azken egunean, Kuadrillen Egunean, egitea erabaki zen. Sekulako arrakasta izan zuen. Lehenengo urtean antolatzaileak motz gelditu ziren: ogitartekoak bukatu egin ziren. Urte askotan 850 ogitarteko banatu zituzten. Egun, gutxiago banatzen dituzte. Gizartea aldatu egin da eta jende askok nahiago du bere afaria eraman.
Ogitartekoak garrantzitsuak dira, baina are garrantzitsuagoak dira musikariak. Jose Mari Lasa musikaria zen eta bera arduratu zen musikariak elkartzeaz. Lehen urteetako argazkietan Jose Mari bera, Angel Mari Urrestarazu, Iñigo eta Mikel Peñagarikano, Juan Luis Aranburu, Mikel Alustiza eta Xabier Barriola ageri dira. Baina urte hauetan guztietan askoz ere musikari gehiago pasa dira kantu afaritik: Ibon Garmendia, Mariaje Arratibel, Unai Izagirre, Patxi Urrestarazu, Arantzazu Calvo, Gorka Ojanguren, Gorka Azkarate, Iñaki Larrañaga eta Gari, Uxue Kerejeta eta Andoni Oruesagasti, Endika Altzelai...
Abeslariak Horretaz gain, jende asko igo da oholtzara abestera: Andoni Salamero, Maddi eta Garazi Martin ahizpak, Oihane Toledo, Madina Ahizpak, Santos Ormaetxea, herriko familia eta kuadrilla ezberdinak...
Gainera, urtero musikari ezagun bat gonbidatzen dute. Urretxuko kantu afaritik Erramun Martikorena, Amaia Zubiria, Txomin Artola, Pantxoa eta Peio, Gontzal Mendibil, Antton Valverde, Anje Duhalde, Niko Etxart, Fermin Valencia, Andoni Ollokiegi... pasa dira.
Temas
Más en Bertan
-
Los “conciertos secretos” vuelven al Gaztetxe de Zarautz este sábado
-
El acuerdo de EH Bildu y Azkoitia Bai obliga al PNV a aplazar el debate de los presupuestos de 2026 al quedar su propuesta en minoría
-
Zumarraga recordará a José Manuel Morán y Julen Albisua en la Gala del Deporte
-
San Silvestre, bakardade ez hautatuari aurre egiteko lasterketa Hondarribian