"Palestinaren aldeko oihu ozen bat izateko helburuarekin prestatu dugu kontzertua, Udalarekin, herriko musika taldeekin eta herritarrekin bat", azpimarratu dute Sanitarioak Palestinarekin taldetik. Larunbat honetarako kontzertu solidarioa antolatu dute Arrasateko Monterron parkean, 17.00etan hasita.

Sarrerak eta ekarpenak

Debagoieneko hainbat talde igoko dira oholtza gainera: El Volquete, The Clayton, Trumans, Etxepe eta DMT (Denso, Mutiko eta Tatta). Horrekin batera, Andere Arriolabengoa bertsolari aramaioarra ere ariko da, irrintzilarien laguntzarekin. Sarrerak hamar euroko prezioa izango du, momentuan bertan. "Edozelan ere, kontzertura joan ezin denak baina ekarpena egin nahi duenak, Maitia dendan eta Irati tabernan dute horretarako aukera (0 lerroa dohaintzak egiteko)", azaldu dute.

UNRWA erakundearen bitartez banatuko dute laguntza

Palestinari elkartasuna adierazteaz gain, Israel egiten ari dena salatzea da kontzertuaren xede nagusia. Batutako dirua UNRWA (Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentzia) erakundearen bitartez banatuko dute. "Errefuxiatuei laguntza ematen die UNRWAk, Palestinan bertan daudenei zein kanpoan daudenei, Libanon, esaterako. Hezkuntza eta laguntza sanitarioa ematen diete eta, aldi berean, datu bilketa bat egiten dute, errefuxiatuak Palestinara itzul daitezen Nazio Batuen Erakundearen ebazpenak betetzen direnean", adierazi du Sanitarioak Palestinarekin taldeko kide den Alberto Villarrealek. 

Presentzia gehien duen agentzia

Palestinan presentzia gehien duen agentzia da UNRWA, eta kanpotik emandako "laguntza ondoen banatu dezakeena", nabarmendu du Villarrealek.

2023ko urriaren 7an Hamasek egindako atentatuen eta Israelen ondorengo erantzunaren harira sortu zuten Sanitarioak Palestinarekin taldea.

Larunbateko ekitaldian merchandisinga ere salgai izango dute: kamisetak, txapak, poltsak eta pegatinak. Beraz, Monterronera etortzeko dei egiten diete arrasatear eta debagoiendar guztiei.