Hondarribiko Udalak, itsasoaren ogibideen ezagutza sustatzeko lan ildoa abiapuntu izanik, gabonetarako 8 eta 13 urte bitarteko herriko haurrentzat 'Izan arrantzale Hondarribian' eta 'GazteTEK' programak antolatu ditu.
Bi ekimen hauek arrantza eta itsasoa izango dute ardatz, baita teknologia ere. Haurrek inguruko ezagutza zabala jasotzeko aukera izango dute, dinamika praktiko eta dibertigarrien bidez. Hala nola, abenduaren 23an, 26an eta 27an, Kofradia-Itsas Etxearen eskutik, 'Izan arrantzale Hondarribian' programak arrantza mundua gerturatuko die txikiei. Programa lehen aldiz eskainiko da udalerrian, eta eskulanek, arrantzaren inguruko ezagutzak, arrantza praktikek edota sukaldaritzak osatuko dute esperientzia.
'Izan arrantzale' Kofradia-Itsas Etxearen proiektu estrategikoa bada ere. Hain zuzen, Euskal Herriko arrantzaleen kofradiek eta Opegi Itsasbazterreko Arrantza Ekoizleen Erakundeak bultzatu dute egitasmoa, Euskal Herriko itsasbazterreko arrantza sustatzeko eta sektore horren balioa handitzeko.
Proiektu honen barruan, 'Izan arrantzale' programa ardatz estrategiko gisa sortu zen 2020an, artisau-arrantzaren sektorearen belaunaldi-erreleboa lantzeko eta gure gizarteko gazteei baxurako arrantzaren sektorea modu ludiko eta dibertigarrian transmititzeko. Beste helburuen artean, arrantzaren sektoreak maila teknologikoan eta modernizazioan egindako aurrerapenei balioa ematea; sektoreak lortu duen bilakaera positiboa transmititzea, erosotasunari, malgutasunari, modernitateari, lan-baldintza egokiei eta lehiakortasunari dagokienez; edota Euskadiko arrantza-sektorea eta -kultura zaintzeko lan egitea aurkitu daitezke.
Gabonetan Hondarribian garatuko den programaren diseinua berritua eta egokitua da: Kofradiak, udal Gazteria zerbitzuaren bitartez, prozesu parte-hartzaile bat garatu du herriko gazte lan-talde baten bitartez, eta haurrek egindako ekarpenak eta proposamenak kontuan izan dira Izan Arrantzale Hondarribian programa lantzeko.
Horrela, egitasmo honek itsasoko ogibideak eta itsasoak sukaldaritzan eskaintzen dizkigun aukerak ezagutaraziko dizkie umeei. Hogeitalau leku eskainiko dira eta 10.00etatik 13.00etara izango da, abenduaren 23an, 26an eta 27an Hondarribiko Kofradian.
Bestalde, 'GazteTEK' abenduaren 30ean eta 2025eko urtarrilaren 2an eta 3an garatuko da, 10.00etatik 13.30era Kultur Etxeko lehen solairuko 102 eta 103 geletan. Aurten, itsaspean murgilduko ditu haurrak errealitate areagotuaren eta esperimentu zientifikoen bitartez. Praktika guztiek itsasoa izango dute ardatz eta edukiak Bidasoa Bizirik garapen agentziak diseinatu ditu. Hiru saioko programa honek itsas bizitzaren iraunkortasunari eta babesari buruzko kontzientzia areagotzea du helburu, eta aplikazio interaktiboak eta metodo zientifikoa erabiliz gauzatuko da.
Gabonetan garatuko diren bi programa hauek 8 eta 13 urte bitarteko haurrei zuzenduak dira, eta euskaraz eta doan izango dira biak. Interesatuek bi tailerretan har dezake parte. Partaidetzan Hondarribian erroldatutako adingabeek izango dute lehentasuna. Izen emateak Udalaren webgunean egin izan ahalko dira, baita aurrez aurre Gazteen Zerbitzuan.