Hernani Burujabe: "Parke eolikoak ez zaizkigu onargarriak iruditzen"
Hernani Burujabek mahai-inguru bat antolatu du Urumean egiteko asmoa duten parke eolikoen harira. Ostegunean izango da, 18.30ean, Sandiusterrin. Bertan parte hartuko dute Aritz Otxandianok, Otxandioko energia komunitateko kideak, eta Alain Arrutik, Euskal Herria Bizirik taldeko kideak. Irati Sarasua kazetariak dinamizatuko du eztabaida. Euskaraz izango da.
Saioan, eolikoek dakartzaten hainbat ertz hausnartuko dira: multinazionalak, larrialdi klimatikoa, deshazkundea, ondare naturala, energia burujabetza…
"Ez dira onargarriak"
Hernani eta Urumea bailaran eraiki nahi dituzten parke eolikoen harira, Hernani Burujabek ohar batean aditzera eman duenez, proiektu hauek ez zaizkio “onargarriak” iruditzen.
Azaldu dutenez, planteatu diren zentral eolikoak ez datoz bat lurralde antolaketa batekin edo plangintza publiko batekin. “Areago, oraingoz aurkeztu diren dokumentuen arabera, Eusko Jaurlaritza egiten ari den Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak jasotzen dituen instalazio eolikoetarako balizko kokalekurik ez dago Hernanin ezta Urumea bailaran ere”, ziurtatu dute.
Kokalekua
Honen harira, honakoa argudiatu dute: “Instalazioen kokalekua erabakitzeko garaian, efizientzia energetikoaren izenean proiektuen errentagarritasun ekonomikoa jartzen da gure mendien aberastasun natural eta arkeologikoaren gainetik”. “Kasu honetan, ikuspuntu horietatik balio handia duten eremuetan eragingo lukete proiektuek eta herritarrek ez dute aukerarik izan eztabaidatzeko ere, proposamenak mahai gaineratu aurretik”, ondorioztatu dute. “Ondoren egiten dira ingurumen inpaktuaren azterketak, legeak behartuta”, amaitu dute.
Energia berriztagarriak
Bestalde, multinazional energetikoentzat eta enpresentzat bere lehentasuna irabazi tasak handitzea dela kritikatu dute. “Zenbait kasutan, badakigu, jakin, euren lan esparrua energia fosiletan dagoela batez ere, eta, beraz, energia fosilak berriztagarriekin ordezkatzea baino gehiago, berriztagarriekin negozio bolumena handitzea eta irabazi handiagoak lortzea dute helburu”, azaldu dute.
Parte-hartzea
Horiek horrela, “proiektu eolikoak aurrera eramateko ezinbestekoa iruditzen zaigu proiektuak herritarrekin eta eragile publikoekin batera lantzea”, eskatu dute. “Herritarrek erabakitzeko aukera izan behar dutelakoan gaude. Modua bilatu behar da proiektuaren sorreratik bertatik herritarren parte-hartzea bermatzeko haren dimentsioan, kokalekuan, diseinuan eta kudeaketan”, gaineratu dute.
Bestalde, zentral eoliko edo berriztagarrien jabetzan ere herritarrek parte hartzeko modua izan behar dutela iritzi dute, eta, kasu honetan baldintza hori ez dutela bermatuta ikusi salatu dute.
Eragile aktiboak
“Herri honek bidea egin behar du energia berriztagarriak hedatzeko eta energia fosilak baztertzeko, eta Hernani Burujabek ere bere engaiamendua erakutsi nahi du prozesu horretan eragile aktibo moduan jokatzeko”, esan dute.
“Gure iritziz ordea, Hernanin eraiki nahi dituzten parke eolikoek baldintza horiek betetzen ez dituztenez, ez zaizkigu onargarriak iruditzen”, amaitu dute.