Aste honetan Pasaiako Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia ospatzen ari dira eta aurten erreferente bilakatu den zikloaren 30. urteurrena ospatuko da. Pasaiako Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen Sailak, Tolosako Ekinbide Etxearen laguntzarekin, Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia antolatzen du urtero.
Maila handiko ikuskizunak
Aste osoan, azaroaren 25etik 29ra, udalerriko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 2., 3., 4., 5. eta 6. mailako ikasleak joango dira. Guztira ia 700 haurrek parte hartuko dute. Saioak goizez izango dira eta egunero ikuskizun ezberdinak izango dira. Guztira bost txotxongilo emanaldi izango dira, Pasai Donibaneko Juanba Berasategi aretoan.
“Dagoeneko 30 urtez jarraian antolatu dugu jaialdia. Jaialdi honi esker, Pasaiako ia 700 haurrek maila handiko nazioarteko ikuskizunez gozatzeko aukera dute. Aurtengoan Frantzia, Italia, Murtzia eta Malagatik etorritako konpainiak izango ditugu gurean” adierazi du Julen Rodríguez, Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen zinegotziak.
Pantailak alde batera
“Haur eta nerabeek beraientzat funtsezkoak diren gaiei buruzko ikuskizunekin gozatzen dute urtero: teknologia, etorkizuna, gezurrak... Funtsezkoa iruditzen zaigu haur eta nerabeek teknologia berriak alde batera utzi eta entretenimendua modu tradizional batean gozatzeko aukera izatea, oraingoan eskuz eginiko txotxongiloekin eta artearekin”, gaineratu du Rodríguezek.
Egitaraua
Azaroaren 25ean, Frantziatik heldutako L'Ainea konpainiak hitzik gabeko istorio laburren ikuskizuna eskaini zuen.
Hilaren 26an Italiako Di Filippo konpainiak Caperucita roja aurkeztuko du.
27an, Di Filippo konpainiak errepikatuko du oholtza gainean, baina beste ikuskizun batekin: Variations.
Azaroaren 28an, Murtziako La Tendía antzerki konpainiak La isla de las cosas perdidas lana aurkeztuko du.
Amaitzeko, azaroaren 29an, Ángeles de trapo antzerki konpainiak Error 404 ikuskizuna eskainiko du.