Pariseko Eiffel dorrearen eta Burgoseko katedralaren maketak ikus daitezke, besteak beste, Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean Luis Collado zumarragarraren eskutik. Bere lanak abenduaren 12ra arte izango dira ikusgai: astelehenetik ostiralera 9.30etik 13.30era eta 15.00etatik 21.00etara eta larunbatetan 10.00etatik 13.30era.

Collado Badajozeko Santa Amalia herrian jaio zen, 1941ean. 20 urte zituenean Euskal Herrira etorri zen, Ordiziara hain zuzzen ere, bere osaben eta anaiaren etxera. Soldadutzaren ondoren Zumarragara etorri zen, Orbegozo auzora, anaiarekin batera. Orbegozo enpresan lan egiten hasi zen eta bertan jubilatu zen. Bi seme-alaba ditu.

Duela urte gutxi hasi zen maketak egiten. “Makilatxoekin hasi nintzen. Ordutik maketak egurrarekin egiten ditut beti: txitxi-burruntzien makilatxoekin, egur lodiagoekin… Ordu asko ematen ditut. Konpostelako katedrala egiteko, hilabete eta erdi behar izan dut”, azaldu du. 

Oso ondo pasatzen du, baina horrenbesteko gogoa jartzen dio maketa ekoizpenari, non loa eragozten dion. “Ohera joaten naizenean, maketa nola egin pentsatzen hasten naiz eta loak hartzea kostatzen zait”.

Maketak Leturiatarren plazako jubilatuen egoitzan erakutsi zituen eta bertako bizilagunek Zelai Arizti kultur etxera eramatera animatu zuten. Konpostelako katedralaz gain, Sevillako plaza, Pariseko Disneyland-eko gaztelua, etxe batzuk, Burgoseko katedrala, itsasontzi bat, aldizkari batean ikusi zuen beste katedral bat, Eiffel dorrea eta hiru dorre egin ditu.

Ez daki maketak egiten jarraituko duen. “Maketak etxean egiten ditudanez, etxea maketaz eta egur zatiez beteta dut. Emaztea nire maketez nekatuta dago. Oraingoz, ez dut maketa gehiago egiteko asmorik”, aipatu du zumarragarrak.

Oso gustura dago Zelai Arizti kultur etxeko erakusketa ikusi dutenengandik jasotako erantzunarekin. “Erakusketa asteartean ireki nuen eta bertaratu zirenek maketak gustatu zitzaizkiela esan zidaten. Oso pozik nago”, amaitu du aipatu du maketa egileak.

Adinekoen artean artista asko daude: Urretxun ere adineko baten erakusketa ikus daiteke. Juan de Lizarazu aretoan Vicente Iriondoren margolanak ikus daitezke. Margolanak abenduaren 1era arte egongo dira Urretxun. Juan de Lizarazu aretoa asteartetik igandera irekitzen da, 17.30etik 20.30era.

Iriondoren erakusketaren izenburua Ezkutuko denbora da. Iriondo eibartarra da eta ingeniaria lanbidez. Urte asko daramatza margotzen eta bere herriko arte elkarteko kidea da.

1973tik gaurdaino erakusketa asko egin ditu, batez ere Debabarrena eta Debagoienan. Arrautza gorringoarekin aglutinatutako pigmentuak erabiltzen ditu margotzeko.

Gazteek ez dute adinekoek baino gutxiago izan nahi eta Zumarragan beraien erakusketa bat ere ikus daiteke. Haur eta Nerabeen Kontseiluko logoa aukeratzeko lehiaketara egindako lanen erakusketa, hain zuzen ere. Lehiaketa Maialen Josuek irabazi zuen eta bere lana eta lehiaketara aurkeztutako gainontzeko guztiak kultur etxean ikus daitezke.