2025etik 2027ra indarrean egongo den Dirulaguntzen Plan Estrategikoa adostu zuten aho batez bi taldeen oniritziarekin Oiartzungo azkeneko osoko bilkuran. “Herri berdinzalea, bizia, jasangarria eta euskalduna izateko egitasmoak laguntzeko bidea izango da, oiartzuarren eta eragileen parte-hartzea sustatzeko tresna”, adierazi dute Udaletik.
Ekintza eta proiektu ezberdinak diruz laguntzeko urtero 2,1 milioi eurotik gora banatzea aurreikusi dute, udal aurrekontuaren %10 baino gehiago. Udalak dirulaguntza lerro hauekin herriko eragileek borondatezko lanean oinarrituta egiten duten lana babestea du helburu. Udalak emango dituen dirulaguntzak jaso dituzte dokumentuan, lehia bidezkoak zein zuzenekoak.
Bi berrikuntza
Aditzera eman dutenez, neurri handi batean, 2025-2027 Dirulaguntzen Plan Estrategiakoa aurrekoaren jarraipena da. Berrikuntzen artean nabarmentzekoak dira Argitturri energia komunitateari zuzendutako 25.000 euroak eta herriko merkataritza txikia sustatzeko asmoz sortutako 35.000 euroko partida berria.
Udalak azaldu duenez, sail bakoitzari ematen dion garrantziaz haratago, diru banaketak zerikusi zuzena du arlo bakoitzean dauden elkarte eta eragileen ekimenekin. Zenbat eta eragile gehiago egon, handiagoa izan ohi da diru-partida.
Hamar helburu
Plan berrian hamar helburu estrategikotan banatu dituzte dirulaguntza lerro ezberdinak: garapen ekonomiko jasangarria eta enpleguaren sustapena (63.000 euro); hezkuntza parekidean berrikuntza hauspotzea (458.700 euro); euskararen erabilera eta ezagutza indartzea (312.600 euro); kultur ekitaldiak antolatu eta herriko ondarea berreskuratzea (620.800 euro); ingurumena zaindu eta lehen sektorea sendotzea (104.000 euro); oiartzuar guztien ongizatea bermatzea (388.500 euro); herritar aktiboak eta osasuntsuak hazi eta kirolaren bitartez oiartzuarren ongizatea bermatzea (152.300 euro); ikuspegi feminista bultzatzen duten herriko eragileen ekintzak laguntzea (7.000 euro); bizikidetza sustatu eta Oiartzunen egon diren giza eskubideen urraketa ikertzea (15.000 euro); eta gazteen aisialdirako ekintzak bultzatzen dituzten herriko eragileentzat laguntza (6.000 euro). Sail honetan, dirulaguntzen lerrotik aparte, Udalak beregain hartzen ditu ludoteka, udalekuak eta gazte topalekua.
Objetibitatea
Udaletik adierazi dutenez, gardentasuna eta objektibitatea bermatzeko onartu dute plana, diru publikoaren banaketan berdintasuna bermatzeko. Deialdi bakoitzean zehaztu eta argitaratuko dira parte hartzeko oinarriak eta laguntza jasotzeko irizpideak. Egitasmo eta ekintza ezberdinek izaten dituzten gastuak ordaintzeko emango dituzte dirulaguntzak.
Plana jendaurrean jarriko dute, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren web orrian, nahi duenak aztertu eta alegazioak edo erreklamazioak aurkeztu ahal izateko, nahi izanez gero. 30 eguneko epea egongo da horretarako, azaroaren 11tik abenduaren 23ra arte.
Legeak agintzen duenez, epea igarota alegaziorik aurkeztuko ez balitz, 2025-2027 ekitaldietako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartutzat joko da behin betikoz