Gari (Iñaki Igon Garitoinandia) Pasai Donibaneko Juanba Berasategi auditorioan izango da igandean, azaroaren 17an, 19.00etan bere Gari Bakarka ikuskizunarekin. Musikan 40 urteko ibilbidea duen abeslariak musika euskaraz sortu eta kantatzeko aukera badagoela erakutsi dio publikoari.

Ekitaldi hau Kontu Kantari Pasaiako solasaldi musikatuen baitan kokatzen da.  Musika entzuteaz gain, artistekin solasteko aukera eskaintzen duen formatua da. Iñaki eta Olatz Salvador eta Jurgi Ekizaren emanaldiekin gozatu ostean, Garirena izango da hurrengoa.

Disko berria eta ibilbidea

Aitor Brion kulturako zinegotziak honakoa adierazi du: “Gari Legazpiko artistak 2024an argitaratu berri duen Behin Bizitzea diskoa aurkeztuko du, eta, horrez gain, errepasoa egingo dio bere ibilbide oparoari, Hertzainak taldeko abeslari bezala eta bakarlari gisa izan duen arrakasta kontuan hartuta”.

Kontzertuan Garik bere kanta arrakastatsu batzuk eskainiko ditu, hala nola Amets, Esperantzara Kondenatua, Zaharra zara Bilbao eta Amapola. Gainera, baliteke Hertzainak taldearen errepertorioko oihartzunen bat entzutea. Azken urteetan Gari askotan aritu da Hertzainak taldeko kide ohiekin batera oholtza gainean eta baita telebistan ere, eta bere azken proiektuek euskal musikagintzan garrantzia handia izaten jarraitzen dute.

Solasaldia

Brionek azaldu duenez, “Kontu Kantari formatuak, gainera, Gariren barneko pertsona Solasaldiaezagutzeko aukera emango digu. Gari bere ibilbide profesionalaz, bizipen pertsonalez eta anekdotez arituko zaigu, bere ohiko xarmarekin". "Ezbairik gabe, mito bihurtutako musikari bat da Gari, eta ziur gaude Pasai Donibanen emango duen kontzertuak publiko pasaitarra eta ingurukoak hunkituko dituela; batzuei iraganeko garaiak gogoraraziko dizkie eta beste batzuk agian lehen aldiz gerturatuko zaizkio”, gaineratu du Kultura zinegotziak.

Belaunaldi ezberdinak

Solasaldia aurkezten eta bideratzen Sua Enparantza aktore eta dantzaria izango da. “Proiektu honen helburua da euskal musika bultzatzea, eta belaunaldi desberdinek musikaz eta solasaldiaz gozatzeko ilusioa dugu. Sua eta Gariren artean zenbait belaunaldi igaro dira, baina musika ederraren esentzia gure artean izan da beti”, aipatu du zinegotziak.

Pasaiarentzat benetako plazera da Gari bezalako figura karismatiko bat herrian izatea eta bere musikaz gozatzeko aukera izatea”, amaitu du Brionek.

Sarrerak

Sarrerak dagoeneko salgai daude Bibe.me plataforman, 5 euroko prezioan. Urte bukaera bitarteko kultur emanaldi guztien sarrera guztiak eskuragarri jarri ditu Pasaiako Udalak Bibe.me plataforman. Horien artean, Esti eta Mikel Markezek Kontu Kantari Pasaiako Solasaldi Musikatuetan abenduan eskainiko duten saiorako sarrerak.