Usurbilgo jatorri aniztasuna ospatzeko festa, Mundualdia, azaroaren 16an izango da, Usurbilgo frontoian. Datozen hilabeteetan, herrian hitz egiten diren hizkuntzetan jarriko dute arreta Udalak eta Aniztasun Kontseiluak. Horren berri emateko baliatuko dute aurtengo Mundualdiko oholtza. Ekitaldia hau 18.00etan izango da.
Lanketa abiatua dute, dagoeneko, Garabiderekin. Garabide Gobernuz Kanpoko Erakundea da, eta hizkuntza gutxituen biziberritzea sustatzeko lan egiten du, euskararen esperientziatik abiatuta. Hurrengo asteetan emango da landuko den proiektuaren berri.
Jaki dastaketa
Aurkezpen horren ostean, ohiko jaki dastaketa izango da.Gutxienez, zortzi herrialdetako jakiak dastatzeko aukera izango da, guztira, hamar postutan: Venezuela, Nikaragua, Sahara, Brasil, Kolonbia eta Pakistaneko bana, eta Kubako eta Mauritaniako bina. Horren ostean, Kubako musika tradizionalaz gozatzeko aukera izango da Son de Hoy taldearen eskutik.
Horiek larunbateko ekitaldi nagusiak izango dira, baina goizean ere hainbat ekintza izango dira. Hasteko, 9.00etatik 13.30era Sutegin Bizipozaren VIII. Jardunaldia burutuko da, Bizipozatik arrazakeria deseraikitzen izenburupean.
Zirimara
Azken urteetan egin bezala, aurten ere Zirimara familian plana izango da, goizean. Bertako eta hainbat jatorritako familiek jolas egingo dute, elkarrekin, frontoi inguruan, 11.00etatik 12.30era.
Usurbilgo Udala 2014ean Usurbil, herri anitza! izeneko egitasmoa antolatzen hasi zen, eta, 2017az geroztik, Mundualdia Usurbilen bilakatu da.
Helburuak
Ekimenaren helburua da herritarrekin elkarbizitzaren eta jatorri aniztasunaren gaineko hausnarketan ekiten jarraitzea da, izan ere, horrek aukera ematen du eskema asimilazionista zaharrak gainditzeko.
Halaber, ekimenak baditu beste helburu batzuk ere, besteak beste, honako hauek:
- Migrazioa eta aniztasunaren eguna antolatzea herrian.
- Saretze lana egitea.
- Sentsibilizazio lanak burutzea.
- Herritarren arteko bizikidetzaren inguruan lanketa egitea.
- Jatorri desberdinetako herritarren artean zubiak eraikitzea.