Síguenos en redes sociales:

Juan Agirre eta Aitor Bastarrika, Goierriko txirrindularitza sailaren arduradun berriak

Juan Agirre eta Aitor Bastarrika, Goierriko txirrindularitza sailaren arduradun berriakAsier Zaldua

Arduradun berriak ditu Goierri kirol elkartearen txirrindularitza sailak: Juan Agirre eta Aitor Bastarrika. Laguntza guztia ongi etorria izango dela esan dute eta Urola Garaiko haurrak bizikletan ibiltzera animatu dituzte.

Bien semeak txirrindulariak dira eta lekukoa hartzea erabaki dute. "Gure aurrekoek uztea erabaki zuten eta ardura hartzea erabaki dugu. Kudeaketaz gu geu arduratuko gara, baina zuzendariak behar ditugu. Prest daudenak, gurekin harremanetan jar daitezela", azaldu dute.

Aitor Salaberriak eta Anton Rodriguezek eskaini dieten laguntza eskertu nahi dute. "Aitorrek jarri zuen martxan berriro txirrindularitza saila. Ondoren, Aitor Chico batu zitzaion. Azken urtean Chico eta bere semeak arduratu dira, beraien laguntzaileekin. Baina nekatu egin dira. Izan ere, asteburu askotan hiru lasterketa ditugu. Lasterketa guztietara joango gara, baina laguntza beharko dugu lasterketa guztiak autotik jarraitzeko", aipatu dute.

30 txirrindulari dituzte eta maila ezberdinetako taldeak babestuko dituzten enpresei eskerrak eman nahi dizkiete: Goifiber, Zatika, Oxykor eta Bellota. "Babesle txikiagoak, Premank eta Iri-be, eta udalak ere ez ditugu ahaztu nahi. Ezkio-Itsaso, Legazpi, Urretxu eta Zumarragako udalen babesa dugu", esan dute arduradun berriek.

Gazteak txirrindularitza probatzera animatu dituzte. Bereziki, neskak. "Bizikletarik ez duena ez dadila larritu, bizikletak baititugu. Probatu nahi duenak ez du bizikleta erosi beharrik, guk utziko diogu".

Oraingoz, azken urteetan bezala, lasterketa bakarra antolatuko dute: txirrindularitza eskolena.

Txirrindularitza sustatzeko, ginkanak egiteko asmoa dute. "Bi herrietako plazetan, Izazpi auzoko kantxa estalian… egin nahi ditugu, jendeak ikus gaitzan. Irteerak ere antolatuko ditugu. Helburua haurrak zaletzea eta trebatzea da. Bestalde, herriaren erditik abiatuko gara lasterketetara, gure jarduerari ikusgarritasuna emateko. Helburu berarekin, urte hasieran taldeen aurkezpena egingo dugu".

Etorkizun handiko txirrindulariak dituzte. "Maila guztietan dugu aurrean dabilen txirrindulariren bat".

Urretxu eta Zumarragako Goierri kirol elkartearen txirrindularitza sailak historia luzea eta loriatsua du. Garai batean Goierriko Itzulia antolatzen zuen, amateur mailako itzuli garrantzitsuenetako bat, eta ehunka gazteei bizikletan ibiltzeko aukera eman die.

Urte batzuetako etenaren ondoren, Aitor Salaberriak berpiztu egin zuen. Ordutik, ondo egindako lanak fruituak eman ditu. Datorren denboraldian beraien kirol ibilbidea Goierrin hasi zuten hiru txirrindulari profesional mailan arituko dira: Xabier Isasa urretxuarra eta Nicolas Alustiza zumarragarra Euskaltel-Euskadi taldean eta Alex Diaz urretxuarra Caja Rural taldean.