Beste urte batez, Orereta ikastolak Gau Beltza antolatu du urriaren 31 ilunabarrerako, herriko hainbat eragilerekin batera: Lau Haizetara euskaltzaleon topagunea, Amulleta danbor kofradia, Ereintza dantza taldea, Herri Arte Eskola, Urdaburu mendizale elkartea, Xenpelar AEK euskaltegia eta Gaztañoko auzo elkartea.
Azkeneko urteetan bezala, Kalabazaren Bidea prestatu dute. Segizioa 19.30ean Santa Klara kaletik abiatuko da eta herriko hainbat karriketatik pasa ostean, ordubete ingururen buruan, Agirre Lehendakariaren plazan amaituko du ibilbidea. Bidea sorpresaz beteta egongo da.
Kalabazaren gurdiarekin, Kuiandererekin, trikimako gaineko orekariekin, dantzan zein musikaz eta kriseilu nahiz lastargien argipean, mozorrotuta, egingo da uzta garaia agurtu eta neguan sartzeko Kalabazaren Bidea.
Emanaldiak
Emankizunak ikusi ahal izango dira ibilbidean zeharreko hainbat txokotan zein amaieran, Agirre Lehendakariaren plazan. Ikuskizunak bukatuta, suzko zezenaren jirabirekin, Beldurren Eltzean izuak errez eta kalabaza pastelak janez bukatuko da festa.
Kalabazaren Bidean parte-hartzea guztiz irekia da. Partaideei etxeko trapu eta arropa zaharrekin mozorrotuta etortzea eskatzen zaie soilik.
Parte hartzeko moduak
Bestela, nahi duenak kalabaza pastela prestatu dezake. 19.00etan jasoko dira Agirre Lehendakariaren plazan Kalabazaren Bidearen amaieran elkarrekin jango diren pastelak.
Bestalde, beldurrak paper batean idatziz ere parte har daiteke, festaren amaieran Agirre Lehendakariaren plazan egongo den Izuen Eltzean erretzeko.
Azkenik, etxea eta ingurua apain-tzeko deia ere zabaldu dute, kalabazekin, kriseiluekin, oihal zuriekin…
“Gau Beltzak herriarentzako festa izan nahi du eta hala desio duen herritar oro dago bertan parte hartzera gonbidatuta”, animatu dute.
Mikroipuin lehiaketa
Bestalde, VI. Beldurrezko (mikro)ipuin eta ikus-entzunezkoen lehiaketa antolatu dute. Herriko DBHko ikasleek eta 16 urtetik gorako beste edozein herritarrek ere parte hartu ahal izango dute ekimenean. Abenduaren 3ra arteko epea dago lanak aurkezteko. Oinarriak Orereta ikastolako webgunean ikus daitezke.