Zumarragarrek herriko azokan eta dendetan egindako erosketak etxeetara eramango dituzte, bizikleta elektrikoz, Donostiako Txita enpresako banatzaileek. Erositako produktuak asteartetan eta larunbatetan 11.00etatik 14.00etara banatuko dituzte eta ostegunetan 16.30etik 19.30era. Zerbitzua doanekoa izango da bai merkatarientzat eta bai erosleentzat, Udalak ordainduko baitu.

Egitasmoaren izena Herrian erosi, etxean jaso da eta gaur aurkeztu dute. Ekitaldian Rosa Maiza zinegotziak eta Txita enpresako Daniel Ruizek eta Peru Ameztoik parte hartu dute.

Maizak helburuen berri eman du. "Helburua kontsumoa sustatzea eta erosketa esperientzia hobetzea da. Erosleek erosketak dendetan utzi ditzakete eta egunaz gozatzen jarraitu. Lanarengatik edo denbora faltagatik herritik kanpo erosten dutenengana ere heldu nahi dugu. Horiek ere herrian erostea nahi dugu".

Jasangarritasuna eta ekonomia zirkularra ere kontuan izan dituzte. "Goiko auzoetan bizi direnek ez dute autoa hartu beharrik izango erosketak egitera joateko. Eta plastikozko poltsa gutxiago erabiliko dira".

Proiektu pilotu honen aurrekontua 17.363 eurokoa da eta abenduaren 31 arte egongo da martxan. "Harrera ona duela ikusten badugu, zerbitzua eskaintzen jarraituko dugu". Merkatariak egitasmoarekin bat egitera animatu zituen. Izan ere, izena ematen duten merkatariek bakarrik parte hartuko dute. Izena emateko 688 730 048 zenbakira deitu behar da. Merkatariek dendako atean bereizgarri bat izango dute.

Ruizek, erosketak etxeetara eramateaz gain, Klik eta Jasoko merkatarien produktuak takilara eramango dituztela aipatu du.