Errenteriako Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategian Euskal Game Jam topaketaren bigarren edizioa burutuko da datorren astean, urriaren 18tik 20ra, euskarazko bideojokoak sortzeko helburuarekin. Hiru egun horietan, bideojokoen sorkuntza biziberritu nahi da euskal garatzaileen artean.
Zomorro Studiok, Game Erauntsia elkarteak, Torrekua guneak eta Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategiak antolatu dute topaketa hau. Bideojoko sortzaile euskaldunak batzeko zein elkar ezagutzeko, euren abileziak agerian jartzeko eta harremanak sortzera bideratutako ekimena izango da.
Hortaz, 48 orduko epean bideojokoak sortzeari ekingo diote euskara hutsean egiten den Game Jam bakarreko parte-hartzaileek. Urriaren 18an 18.00etan hasiko da sormen prozesua; bi egun igarota, urriaren 20an, proiektuak bukatuta eta itch.io bideojokoen plataforman argitaratu eduki beharko dituzte.
Antolatzaileek aditzera eman dutenez, bideojokogintzaren munduan horren ezagunak egin diren Game Jam ekimenak; hau da, bideojokoak epe mugatuan sortzeko helburua duten bideojokogileen topaketak, Euskal Herrira hurbiltzea bilatzen dute. Izan ere, bideojokoen garapenaren munduan murgiltzen dabiltzan euskaldunen kopuruak gorakada nabarmena jasan du azken urteotan.
“Zoritxarrez, askok ez dute elkar ezagutzeko gunerik. Hori dela eta, Game Jamarekin euskal bideojokogintzako hasiberriak nahiz profesionalak elkartu gura dira, eta, aldi berean, euren gaitasunak ezagutarazi, nahiz elkarrengandik ikasteko espazioa eraiki”, azpimarratu dute.
Espazio hori fisikoa zein digitala izango da. Oreretako Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategian aurrez aurre parte hartzeko aukera dago eta horrez gain, nahi duenak etxetik ekin diezaioke bideojokoaren sorkuntzari. Izen-emateko unean derrigorrezkoa izango da adieraztea topaketa online edo aurrez aurre egin nahi den.
Sortzaileen arteko sare hauek indartuta, garapen prozesuak ez du zertan Game Jamarekin bukatu behar, ordea: ekitaldian hasitako proiektu batek, gutxienez, aurrera jarraitzen du garatzaileen eskutik, bideojoko plataforma nagusietan kaleratuko den obra profesionalean bilakatuz.
Horiek horrela, antolatzaileek aurten gutxienez iazko arrakasta errepikatzea espero dute: 32 bideojoko sortzaile elkartu ziren (programa-tzaileak, artistak, diseinatzaileak zein musikagileak) Bilboko Bizkaia Aretoan, UPV/EHUn, nahiz online, eta taldeka zein bakarka aritu ziren proiektu desberdinak sortzen. Guztira hamabi bideojoko aurkeztu ziren. Plataforma jokoak, tiroenak, puzzleak edo kudeatze proiektuak prestatu zituzten partaideek. Horiez gain, proiekturen bat edo beste bukatu gabe geratu zen, edo egileek ez zuten ofizialki aurkeztu. Egindako lan guztiak lehen edizioaren itch.io orrialdean aurki daitezke (https://itch.io/jam/euskal-game-jam/entries).
Arrakasta
Elkarlana
Bakarka edo taldeka. Iazko topaketaren arrakasta handiena “elkarlana eta partekatzeko gogoa” izan ziren. “Arazoei aurre egiteko laguntza nagusitu da taldeen zein partaideen artean. Bideojoko bat sortzea helburuetako bat da, ados, baina Euskal Game Jama ikasteko nahiz irakasteko eta Euskal Herriko bideojokogileak elkartzeko gunea izateko jaio zen, euskara sustatzeko ahaleginarekin batera”, adierazi dute suspertzaileek.
Izan ere, ekimen osoa euskara hutsean egingo da, eta aurkeztutako bideojokoak euskaratuta egon beharko dute. Hala ere, hizkuntza gehiagotan egon daitezke, bai Game Jamean, bai honen ostean. Hori dela eta, gutxienez talde bakoitzeko ordezkariak euskaraz hitz egiten jakitea eskatuko da.
Bideojokoen sorkuntzari hasiera eman aurretik gai orokorra proposatuko dute antolatzaileek. Hortaz, horri lotutako obra garatuko dute partaideek. Iazko gaia Eraldatu, bihurtu izan zen. Proposatuko gaia oso orokorra izanik, sortzaileei eroso sentiarazteko helburuarekin, talde bakoitzak berezko ideiak eta mekanikak prestatu zituen, betiere eraldaketak ardatz hartuta
Bideojokoa bakarka nahiz taldeka garatzeko aukera dago. Gehienez bost kideko taldeak onartuko dira. Taldean aurkeztu nahi duenak, baina kiderik ezagutzen ez badu, lagunak bilatzeko aukera dauka Euskal Game Jamaren itch.io atal berezian. Bestela, Game Erauntsiaren Discord zerbitzarian (https://discord.gg/zYv84NQ) irekitako txat berezian taldea sortzea proposa dezake.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, ez da materialik eskainiko bideojokoa sortzerako orduan: partaideek beren ordenagailuak eta tresnak erabiliko dituzte. Gauza bera gertatzen da jokoaren baliabideekin edo sset-ekin: proiektuan agertuko diren testurak, modeloak, soinuak, eta abar norberak sortutakoak edo lizentzia askekoak izango dira.
Dena den, bestelako erremintak ere erabil daitezke, aipatutako ezaugarriak betetzen badituzte.
Partaideek Euskal Game Jam 2aren itch.io webgunean izena eman dezakete. Horretarako, itch.io erabiltzailea baino ez da behar. 18 urtetik gorako pertsona orok doan parte har dezake; halere, bideojokogintzan oinarrizko ezagu-tzak edukitzea nahitaezkoa da.