Lekanazpi elkarteak antolatuta, Asteburu Mikologikoaren 24. edizioa egingo dute Legazpin ostiral honetatik igandera. Hainbat ekitaldi izango dira eta txanpinoien salmentarekin lortutako dirua errefuxiatuen alde lan egiten duen Hotz Legazpi elkarteari emango diote.
Ostiralean, 17.00etatik 20.00etara, herritarrek bildutako perretxikoak jasoko dituzte Lekanazpi elkartean. Aranzadiren gomendioak jarraituz, antolatzaileek perretxiko bakoitzaren ale bat edo bi jasotzea eta eramatea eskatu dute, garrantzitsua delako perretxikoak basoan geratzea.
Bihar, 9.30etik 12.30era, ibilbide mikologiko gidatua egingo dute. San Martin auzoko arkupean elkartuko dira. Adin guztikoei zuzendutako ekintza da. Ibilbidean, aurkitzen dituzten perretxikoak bereizten eta ezagutzen irakatsiko diete adituek parte-hartzaileei. Jasotako perretxikoak erakusketa egiteko erabiliko dituzte. Amaieran guztientzat salda eta txorizoa izango dira Azoka gunean.
11.00etatik 14.00etara perretxikoak jasoko dituzte Azoka gunean. Ibilbide mikologikoan bildutakoez gain, norbanakoek euren kasa bildutakoak jasoko dituzte. Perretxikoen truke salda eta txorizoa eskainiko da.
Txanpi solidarioak
13.00etatik 14.30era eta 19.00etatik 21.00etara txanpi solidarioak banatuko dituzte Azoka gunean. Bildutako dirua Hotz Legazpi elkarteari emango diote.
Aranzadi
15.00etatik 18.30era Aranzadi elkarteak herritarrek eramandako perretxikoak sailkatuko ditu Azoka gunean. Perretxiko bakoitzari bere izena jarriko diote eta bere ezaugarrien berri emango dute. Gainera, herritarren zalantzak argituko dituzte.
18.30etik 23.00etara perretxiko erakusketa egingo dute. 19.00etatik 21.00etara, bertan bildutakoek Upelgilearen Begia apustuan parte hartzeko aukera izango dute:perretxikoz betetako saskiaren pisua asmatzen duenak, perretxikoz betetako saskia, makil bat eta labana bat etxera eramango ditu. 21.00etan antolatzaileek saskia pisatuko dute eta irabazleari saria emango diote.
Igandea
Igandean ere hainbat ekitaldi izango dira. 10.00etatik 15.00etara perretxiko erakusketa egingo dute Azoka gunean. 12.00etan haurren-tzako marrazketa gunea irekiko dute. Haurrek perretxikoak marraztuko dituzte, 13.30ak arte. 12.00etatik 14.30era Upelgilearen Begia apustu-jokoa egingo dute. 13.00etatik 14.30era pintxoak dastatzeko aukera izango da, borondatearen truke. 14.30ean saskia pisatuko dute eta irabazleari saria emango diote.