Arropa eta osagarriak trukatzeko azoka antolatu du Astigarragak
II. Truke Azoka antolatuko du Astigarragako Emakumeon Etxeak urriaren 26an, Joseba Barandiaran plazan 11.30etik 14.00etara, iazko arrakasta ikusita. Aurten berrikuntza bat dago; arropa ez ezik, osagarriak ere trukatu ahalko dira: zapatak, pitxiak, bufandak, gerrikoak, poltsak...
Baldintza bakarra soilik
Eskatzen den baldintza bakarra da ekartzen diren objektu guztiak garbi eta egoera onean egotea, beste pertsona batek erabiliko baititu. Prezioak norberak jarriko ditu, baina, helburua etekin ekonomikorik lortzea ez denez, prezio baxuak jartzea eskatu dute antolatzaileek.
Hiru aukera egongo dira arropa, eta osagarriak saltzeko: diruaren truke saldu, beste batekin trukatu edo aukera mistoaren bidez (momentuan erabaki ea salmenta edo trukea izango den).
Gehienez ere partaideek hamabost objektu ekar ditzateke eta adin eta genero guztietarako arropa eraman daiteke. Inork hartzen ez dituen jan-tziak eta liburuak inguruko elkarteren batera eramango dituzte jendearen beharrak ase ditzaten.
Parte hartu nahi dutenek https://forms.gle/5rudPcucvMhdDh6ZA webgunean dagoen formularioa bete eta antolatzaileak berarekin jarriko dira harremanetan. Izena emateko azken eguna urriaren 16a izango da.
Kalte ekologikoa
Truke azoka honen ideia EmakumeonEtxetik antolatutako zenbait jardueratan, ehungintzako lan baldintzez, ekoizpenak dakarren kalte ekologikoaz eta gaur egungo kontsumo ereduaz hausnartzean sortu zen. Ondorioz, “etxean ahaztuta ditugun zenbait objekturi beste bizi-tza bat ematea eta kontsumo jasangarria bultzatzea” lortu nahi dute antolatzaileek.