Ibargurenek lortu zuen garaipena Errezilgo XI. Sagardo Txapelketa Herrikoian. Bertako 18 sagardogilek parte hartu zuten Gaztetandik kultur elkarteak antolatzen duen txapelketan eta, ohi denez, epaileek ez zuten erraza izan irabazlea nor izango zen erabakitzea.

Ibarguren

Azkenean, titulua eta txapela Ibargurenek aurkeztutako sagardoak jaso zituen, lortutako 17,5 puntuei esker. Bigarren saria Mugarrietako sagardogileak jaso zuen 17 punturekin, eta Estrada Zaharreko sagardogileak hirugarrena, 16,5 punturekin. Errezilgo frontoian urtero biltzen den jendeak ere zeresan haundi du txapelketan. Aurten Urteagak, Irurek (Aiertza) eta Estrada Zaharrak jaso dute publikoaren saria.

Gaztetandik kultur elkarteak antolatzen duen txapelketaren ezaugarri nagusienetako bat da lehian diren sagardoek Errezilen ekoiztuta izan behar dutela. Errezil sagarrari eta sagardoari lotuta dago eta txapelketak urtero duen partaidetza da horren adibidea.

Partaideak

Aurten 18 sagardogilek parte hartu dute: Irure (Aiertza), Irure Txiki, Estrada Zaharra, Lasturreta, Buztin Zuri, Aritzeta Goikoa, Ezama Enea, Ibarguren, Basabe, Arabe, Mugarrieta, Errekondo, Aranguren, Zuazketa, Urdalleta, Aritzeta Azpikoa, Zumeta eta Urteaga.