Maïa Permaculture kooperatiba eta Bidasoa-Txingudi eskualdeko elikadura kontsumo taldeak, Labore Txingudik eta Hendaiakoop-ek, ‘Gazteak On: Elikdaura Erronka’ lehiaketa antolatu dute. Bidasoa-Txingudi eskualdeko gazte-nerabeei eta haien erreferentziazko irakasle, hezitzaile eta hezkuntza zentroei zuzendutako lehiaketa da, hausnarketatik eraikitako sentsibilizaziorako ideiak bideoen bitartez gizarteratu ditzaten.

Antolatzaileek azaldu dutenez, “hiru erakundeok elikaduraren eraldaketarako abiapuntu partekatu batetik lanean dihardugu 2023 urtetik. Elkar lan honen jatorria bi kontsumo taldeen sorreratik errealitate bat izan bada ere, 2022an Gipuzkoako Foru Aldundia eta Pirineo Atantikoetako mugazgaindiko proiektuetarako 'Ideiak' lerroan saritutako proiektuaren bidez, sendotu zen, elikaduraren eraldaketarako hezkuntza abiatzeko, eskualdeko ikasle eta irakasleentzako material pedagogikoa sortu eta zabalduz”.

Ildo beretik, euren helburuari tinko eusten diotela esan dute: “Elikadura sistema agroekologikoa, gardena eta parte-hartzailea nahi dugu, harreman bidezko eta ekitatiboekin, klima-larrialdiari eta desagertze-krisiari aurre egingo diona eta elikagaien galerak eta xahuketak saihestuko dituena. Elikadura osasuntsua, eskuragarria, ekologikoa, sasoikoa eta tokikoa nahi dugu, kate laburrago, justuago eta orekatuagoetan banatzea lehenetsiz, bizitza ospatzen duen eta beste pertsona batzuekin eta kontsumitzaile kontziente eta ahaldunduta lotzen gaituen janari zaporetsuekin”.

Orain, ‘Gazteak On: Elikadura Erronka’ lehiaketa antolatu dute etorkizuneko elikadura bertakoa, ekologikoa eta osasuntsua izan dadin gazteen ikuspuntua ere beharrezkoa dela uste dutelako. Lehiaketa honetara bideratutako bideoak eskolan elikadura jasangarriaren baitan lantzen dituzten proiektuak erakusteko, sortu nahi dituzten egitasmoak aurrera eramateko eta ideiak garatzeko aukera bat izan nahi du. 

Lehiaketak bi sari jarriko ditu partaideen eskura: Epaimahairen Saria, 600 eurokoa, eta Herritarren Saria, eskualdeko biztanleen bozketatik eratorria eta 400 euroko balioa izango duena. Sari hauek ikastetxe edo hezi-gunearen elikadura burujabetza hobetzeko sariak izango dira eta ikastetxe edo hezi-gune bakoitzaren espazio eta baliabideen arabera adostuko dira.

Izena emateko epea, zabalik

Parte hartzeko prozedura sei fasetan banatuta egongo. Hasteko, izena emateko epea abenduaren 31ra arte egongo da zabalik www.gazteakon.eus webgunean. Ondoren, lehen fasean, 2025eko urtarrilaren 1etik apirilaren 11ra, bideoak aurkeztu beharko dira eta Wetransfer bidez bideoak@gazteakon.eus helbidera bidali beharko dira, aipatutako webgunean eskura daitekeen fitxa batekin batera. Maitazaren 4ra arte gauzatuko den bigarren fasean Ebaluazio Batzordeak proiektu bakoitza aztertuko du. 

Ondoren, maiatzaren 5etik 25era Herritarren Saria aukeratzeko bozka sistema ireki bat egongo da. Talde ezberdinek sortutako bideoak webgunean ikusgai egongo dira eta herritarrek haien aldeko bozka emateko aukera izango dute. Herritarren Saria aukeratzeko parte hartze prozesuarekin bat egiteko aukera ez ezik, bideo hauen zabaltzea populazioren sentsibilizaziorako ekintza izan nahi du, gazteek helduen sentsibilizazioan eragile aktibo bihurtzeko aukera bermatuz. Aldi berean, epe berdinean epaimahaiak bere saria aukeratuko du.

Azkenik, laugarren fasean, maiatzaren 30ean saritutako bideoen emaitza www.gazteakon.eus webgunean argitaratuko da eta bosgarren fasean, urriaren 31ra arte, lehiaketaren antolatzaile eta proiektu saridunen artean sariak adostu eta gauzatzeko epea egongo da.