Urtean zehar Euskal Herria osoan hainbat ekitaldi egin dira Nestor Basterretxearen jaiotzaren ehungarren urteurrenari lotuta. Adibidez, Hondarribian bi kontzertu antolatu dituzte aurten, Urmugaren Urtanta: Nestor Basterretxea gogoan, uztailean, eta beste bat Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan, abuztuan.

Zinema mugan proiekzio zikloa

Orain, Udalak jarraipena eman nahi izan dio omenaldi horri, Nestor Basterretxea, Zinema mugan proiekzio zikloarekin. Ortzi Alonso Kultura zinegotziak azaldu zuenez, ekimen honen helburua Nestor Basterretxeak eta Fernando Larruquert-ek egindako lan ikaragarriaren zati bat gogoratzea da. Izan ere, 1963an, Basterretxeak eta Larruquertek Frontera Films ekoiztetxea sortu zuten Irunen, Iparralde Etorbideko 37. zenbakian, Basterretxeak Oteizarekin partekatzen zuen lantegi-etxean. Gune hau euskal kultura garaikidearen epizentro garrantzi-tsua bihurtu zen urte gutxitan eta Ama Lur, Pelotari eta Alquézar bezalako proiektu enblematikoak jaio ziren bertan.

Urrian zehar, horietako obra ba-tzuk Hondarribian ikusi ahal izango dira Nestor Basterretxea, Zinema mugan proiekzio zikloari esker. Ekimena ostegun honetan hasi bazen ere, beste bi hitzordu izango ditu datozen bi ostegunetan, urriaren 10ean eta 17an.

Egitarauari dagokionez, datorren ostegunean Ama Lur film-dokumentala proiektatuko da. Bi urtez izan ziren Larruquert eta Basterretxea Euskal Herriko zazpi probintziak filmatzen, eta, garaiko sinopsiak zioen moduan, pelikluaren helburu nagusia “Euskal Herriarentzat kantu hunkigarria sortzea” zen. Telmo Basterretxea artistaren bilobak adierazi zuenez, aukera bikaina izango da pelikula hau pantaila handian ikusi ahal izateko.

Itsas Etxea Auditoriuma

Saioa Itsas Etxea Auditoriumean izango da, 19.00etan. Filmaren proiekzioaren aurretik Ane Lekuona arte historialari eta irakaslea hondarribiarrak Ama Lur obra bere testuinguru kultural eta politikoan kokatuko du, frankismoaren azken hamarkadan, alegia. Halaber, filmaren elementu artistikoez hitz egiteko aukera izango du, egileen nondik norakoak kontuan hartuta eta eragin-ildoak identifikatuz.

Bestalde, urriaren 17an, Jesús Mari Palaciosen Casa vacía eta Telmo Basterretxearen Tienes plena libertad para proyectar film laburrak proiektatuko dira Kultur Etxean, 19.00etan. Gainera, Fernando Golvano lantegi-etxea berreskuratzeko Mugarte proiektuaren arduradunak Pensar, crear, habitar. La casa taller Oteiza-Basterretxea, 1957-1975 hi-tzaldia eskainiko du, proiektu hura zertan datzan azaltzeko.

Bi saio

Bi saioetarako sarrera librea izango da. Ostegun honetako aurkezpenean, Telmo Basterretxeak zikloaz disfrutatzeko gonbita egin zien herritarrei, “aitonaren lana ezagutu eta gozatu ahal izateko”.

Azkenik, zikloarekin lotura zuzenik ez badu ere, Ortzi Alonsok urriaren 10ean Nestor Basterretxeak egin zuen eta Arma Plazan dagoen Zimbabue eskulturari buruzko haurrentzako tailerra egingo dela aipatu zuen.