Astigarragako Udalak bi prozesu parte-hartzaile edo gogoeta abiatuko ditu irail honetan, biak espazio jakin batzuen diseinuari buruzkoak. Alde batetik, Urumeako lokala, 55 urtetik gorako herritarrei zuzendua, eta, bestetik, Kultur Etxe Zaharra, gazteei eta nerabeei zuzendua.

55 urtetik gorakoen lokalari dagokionez, zerbitzuak eta ekintzak uztartzeko elkargune bat diseinatzeko helburuz abiatuko da prozesua. Espazio horretan kokatu nahi dira egun herrian dauden zerbitzuak (eguneko zentroa, eguneko arreta zerbitzua eta Galtzaur elkartea) eta etorkizunean sor daitezkeenak. “Ingurune pribilegiatu batean kokatuko da, Aiotzategi kalean, ibai parkearen ondoan”, adierazi zuten prozesu hauen aurkezpenean udal arduradunek.

Bestalde, Kultur Etxe Zaharra herrian dauden nerabe eta gazteentzako gunea izango da. Udalak gazteekin batera abiatu nahi du eraikina edukiz betetzeko, espazioak antolatzeko eta gazteen erreferentziazko espazio bilakatzeko helburuz egingo den prozesua.

Bi kasuetan gogoeta galdetegi batekin hasiko da. Hau bihartik urriaren 15era bete ahalko da online (https://www.astigarraga.eus/eu/parte-hartu). 55 urtetik gorakoek ere galdetegia, paperean, udal postontzietan utz dezakete.

Gainera, 55 urtetik gorako elkarguneko prozesuan, hiru saio ireki egingo dira, guztiak 17.30ean Erribera kulturgunean: urriaren 10ean, proiektuaren aurkezpena, zerbitzuen orientazioa eta espazioa zertarako erabili; azaroaren 7an, espazioen antolaketa; eta azaroaren 28an, zerbitzuen kudeaketa eta funtzionamendua. Gogoeta prozesu honek Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gobernantza Departamentuaren dirulaguntza jaso du.

Bestalde, herriko gazte eta nerabeekin bi saio ireki egingo dira, 11.00etan, Kultur Etxe Zaharrean: urriaren 26an, beharrak, erabilera eta espazioen antolaketa definitu eta azaroaren 16an, eraikinaren kudeaketa eta funtzionamendua.

Edozein saioetan parte hartzeko ez da beharrezkoa izango izena ematea. Informazio guztia astigarragarantz.eus webgunean dago eta zalantzak argitzeko 638 206 586 telefonora dei daiteke.

Hausnarketa horiek egiteko, Udalak ezinbestekotzat jotzen du herritarren parte-hartzea, eta bereziki kolektibo horiek saioetara gonbidatu nahi ditu.