Lehen aldiz Debako Euskal Jaiak 1964ko maiatzaren 17an ospatu ziren, Oargi elkartearen eskutik. Euskal nortasuna, kultura eta izaera aldarrika-tzea da bere helburu nagusia.

60 urte geroago, jaiak hor jarraitzen du Debako jaien egitarauan, osasuntsu eta indartsu, bere sorrera bultzatu zuen asmo berberekin. Ehunka lagun atera ziren euskal jantziekin, aurreko urteetako ohiturari jarraituz. Euskal kantak, musika eta dantzak izan ziren nagusi, herriko txoko guztiak euskal giroz apainduz.

Euririk ez

Lehen orduko euriek kezka sortu bazuten ere debarren artean, azkenean dena ezerezean geratu zen. Euriak atsedena hartu zuen, eta Debara Euskal Jaiaz gozatzeko asmoz hurbildu zirenek zein debarrek eguraldiaren laguntza izan zuten eguerdian zehar. Gure Kai dantzari taldeko kideek, txistulariek eta Zubietako joaldunek kaleak girotu zituzten goizean. Musika eta dantzaz gain, Euskal Jaiak beste osagarri batzuk ere izan zituen.

Debako Euskal Jaiak

Talo, txistorra eta tocineta frijitu usaina nagusitu zen atzo eguerdian Plaza Zaharrean eta, beste behin, ilara luzeak egin ziren jaki honen pintxoak dastatzeko. Taloak saltzeko postuaren ondoan, Marmitako Txapelketan izena eman zuten debarrek euren jakinduria jarri zuten ahalik eta lapiko onena lortzeko. Zoritxarrez, bi talde bakarrik lehiatu dira aurtengo txapelketan. Hala ere, barruan zuten guztia eman zuten garaipena lortzeko.

Herri bazkaria Aldatz pilotalekua izan zen atzo Euskal Jaiaren protagonista nagusietako bat. 500 bat lagun bildu ziren frontoiaren kantxan egin zen herri bazkarian parte hartzeko

Debako Euskal Jaiak

Hiru paella erraldoi prestatu ziren, bi untxia eta oilaskoarekin, eta hirugarrena barazkiekin bakarrik. 330 paella errazio saldu ziren, baina beste herritar askok bat egin zuten herri bazkariarekin beraiek eramandako janariekin

Janariaz eta edariaz gain, musika ez zen falta izan atzo Debako Aldats pilotalekuan. Bazkalostea jai giroan egin zen eta bertan zeudenek eta beste herritar askok herriko kaleetan eta tabernetan zehar eman zioten jarraipena festari arratsaldean. Eta gauean, Sukar taldearen erromerian dantzatu ahal izan zuten animosoenek 23.30etatik aurrera Foruen Plazan, Debako Euskal Jaiari amaiera bikaina emateko.