Historiak ez du zertan aspergarria edo astuna izan. Nola kontatzen den da guztiaren gakoa. Eta nork azaltzen duen. Seguran antzerki-talde bat dago, euskal gertakari historikoak publiko orokorrari hurbildu eta interpretazioaren bidez erakargarri egiten dituena: Historia Oroituz Antzerki Elkartea.

Adin ezberdinetako 21 segurarrek osatzen dute taldea, bigarren hezkuntzako ikasleetatik hasi eta erretiratuetaraino. Aniztasun hori da, hain zuzen ere, antzerki taldearen ezaugarri eta erakargarritasun nagusietako bat. 

Azken urteotan, taldeak bi antzezlan aurkeztu ditu: Ez dira aspaldiko kontuak eta Iragana lahar eta larrosa. Lehenengoa 2014an sortutakoa eta bigarrena 2016an. Horiekin emanaldi ugari eskaini dituzte, bai Goierrin, bai Euskal Herriko beste leku batzuetan. Orain, Lourdes Imaz Ugaldek idatzi eta zuzendutako Orreagatik iragan hurbilera antzezlanaren txanda da.

Bi garai uztartuz

“Iruñeako Erresuma sortu zeneko mendeurrena ospatzen ari garenez, antzerki honetan garai horretan gertatutakoa azaltzen da”, azaldu du Imazek. “Bi garai desberdinetan dago kokatua. Alde batetik, baskoiek Orreagan Karlomagnoren tropak (frankoak) gailendu eta Eneko Aritza baskoien lehen errege izendatu zuten garaietan (VIII eta IX mendeak), eta bestetik, XX mendearen bigarren erdialdera, frankismo garaian. Azken honetan zenbait esketx antzezten dira, garaiko irakaskuntza, erlijioaren indarra, jendearekiko errepresioa eta abar azaltzeko”, gaineratu du. “Gure antzezlanaren asmoa, bi garai horien artean lotura bat sortzea da, garai desberdinetako euskal herritarrak jasan dituzten erasoak azalduz, gertatutakoa ez dezagun ahaztu”, zehaztu du antzezlanaren idazle eta zuzendariak.

Herriz herri Covid garaian sortutako obra da. Segura, Zegama, Ordizia, Beasain, Azpeitia, Auritz eta Astigarragan lehen emanaldi sorta egin ondoren, Iruñeako Erresumaren urteurrenaren ospakizunerako itzuli da. Larunbat honetan Bergaran hasi zuten emanaldien txanda berri hau. Urrian eta azaroan, obra beste eszenatoki batzuetan aurkeztuko dute: Maeztun urriaren 19an, Billabonan urriaren 25ean, Oñatin urriaren 26an, Hernanin azaroaren 15ean eta Iruñean azaroaren 16an.

Gaztetxoen interesa piztu

Antzerkigintza ume eta gazteei hurbiltzea da Historia Oroituz Antzerki Elkartearen helburu nagusietako bat. Horregatik, antzezlan honetan, antzerki taldeko gazteek funtsezko papera betetzen dute, batez ere Orreagako eszenan. “Orreagako eszena osoa adin desberdinetako neska-mutilek interpretatzen dute, 12 eta 20 urte bitartekoek”, adierazi du Lourdes Imazek. “Bereziki horretarako egokitu den musika eta koreografia erabiltzen dira, horrela antzezlanari indar handia emateaz gain, adin bereko gaztetxoen interesa piztea lortzen dugu”, jakinarazi du. Oier Laborde da koreografiaren egilea eta arlo hori gidatu duen pertsona, Joxan Goikoetxearen musikaz lagunduta. Antzezlaneko gainerako musika Karlos Jimenezena da.

Gainera, oso aberasgarria da gazteentzat helduekin elkarlanean aritzea, eta helduentzat, berriz, gazteekin; denek ikasten baitute elkarrengandik. Entseguetan eta emanaldietan denbora partekatzeaz gain, emanaldien ondoren afariak ere egiten dituzte. “Oso talde polita sortu dugu”, dio Imazek.

Euskara eta emakumeei bultzada

Gainera, interpretazioaren bidez, Segurako antzerki-talde honek euskara sustatu nahi du, batez ere hitanoa. Halaber, emakumeak ahalduntzea bilatzen du. Horregatik, taldeko emakumezko aktore bakoitzaren balioa nabarmentzea du helburu. “Hitanoak eta emakume gazteek presentzia handia dute Orregatik iragan hurbilera obran”, dio zuzendariak.