Urretxuko Udaleko Gazteria sailak Sormonak sormen lehiaketaren bigarren edizioa antolatu du. Egitasmoaren helburua nerabeak sormenera bultzatzea da.

Urretxuko Udala Schwarzenbruckeko (Alemania) Udalarekin batera Erasmus+ trukea lantzen ari da. Hala, aurtengo edizioan parte hartuko duten zenbait partaidek, bost bat egunez Alemaniara joateko aukera izango dute udaberrian.

Sormena

Bizitzan zehar nerabezaroa da sormena goren izaten den aroa eta Udalak sormena garatzeko bidea eskaini nahi die aurten ere 14 urtetik (DBH2tik) 18 urtera bitarteko nerabeei. Iaz bezala, lehiaketa izango da, baina batez ere prozesu bat izango da: parte-hartzaileek sortu nahi duten hori garatzeko baliabideak eta adituen laguntza izango dute.

Izen ematea hilaren 23ra arte izango da zabalik (labur.eus/GjQVm). Urretxuarrek eta Urretxu zein Zumarragako ikastetxeetan ikasten duten nerabeek parte hartu ahalko dute, taldean edota bakarka. Izen ematean bakoitzak bere proiektua zehaztu beharko du.

Prozesuan parte hartu duten adituek lanik berezienak hautatuko dituzte lau kategoriatan: banaka, lan original bereziena; taldeka, lan original bereziena; bakarka, lan eratorri bereziena; eta taldeka, lan eratorri bereziena. Guztiek 200 euroko saria jasoko dute.